Txirrindularitzan, ‘monumentuak’ deitzen zaie bost klasiko ospetsuenei. Arkaitz Arzelus eta Iñaki Lizarazu goierritarrek lau egin dituzte eta igandean bosgarrena egingo dute: Milan-San Remo.
Txirrindularitzan, bost klasiko nagusiei monumentuak deitzen zaie. Milan-San Remo, Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, Liege-Bastogne-Liege eta Lonbardiako Giroa dira bost proba horiek. Zikloturistentzako bertsioak ere badituzte eta Arkaitz Arzelus ormaiztegiarrak eta Iñaki Lizarazu urretxuarrak lau egin dituzte dagoeneko. Bakarra falta zaie, Milan-San Remo, eta igande honetan egingo dute.
Arzelusek 46 urte ditu eta umetatik dabil bizikletan. Lasterketetan ere ibili zen. Lizarazuk 51 urte ditu. Gaztetan Golden sokatira taldean ibili zen eta ondoren bizikletan hasi zen. Zugaitz Ayuso txirrindulariaren lagunak dira eta haren bitartez ezagutu zuten elkar, duela 20 urte baino gehiago. Ordutik, banaezinak dira. Proba guztietara elkarrekin joaten dira. Aipatutakoez gain, Strade Bianche eta Amstel Gold Race ere egin dituzte, besteak beste. Zipi eta Zape deitzen diete.
Makina bat abentura bizi izan dituzte elkarrekin. Monumentuei dagokienez, 2008an Paris-Roubaix egin zuten eta 2009an Flandriako Tourra. 2012an Liege-Bastogne-Liege egin zuten eta iaz Lonbardiako Giroa. «Hasi ginenean, urtero bat egiten genuen, baina Italia tokitan zegoela ematen zuen. Iaz Sienara joan ginen, Strade Bianche egitera. San Remotik pasa ginen, Poggio mendatea ikusi genuen eta hurrengo urtean joatea erabaki genuen. Iazko martxoan Strade Bianche egin genuen, urrian Lonbardiako Giroa eta igandean Milan-San Remo egingo dugu», diote.
Orain artekoak
Milan-San Remo lehenengoz egingo dute, baina beste monumentu batzuk behin baino gehiagotan egin dituzte. Proba guztiek dute beraien xarma. «Strade Bianche ez da monumentua, baina merezi du joatea. Parajea oso polita da. Flandriako Tourrari dagokionez, bertako zaletuak onenak dira. Paris-Roubaix oso gogorra da, baina ikusgarria. Eta Liege-Bastogne-Liege oso eguraldi txarrarekin egin genuen. Tenperatura ez zen 5 gradutik igo eta elurra, kazkabarra eta euria egin zuen irten ginenetik helmugara iritsi ginen arte. Egin dugun probarik gogorrena da. Gainera, desnibel handia du. Lonbardiako Giroari dagokionez, oso polita da. Ez da besteak bezain luzea, zikloturisten proba profesionalena baino motzagoa baita».
Herrialde bakoitzean zaletuek ezaugarri ezberdinak dituztela diote. «Herbeheretarrak gainontzekoak baino isilagoak dira, belgikarrek txirrindularitzaz asko dakite, italiarrak oso zaratatsuak dira… Euskal Herriko zalegoa ere ona da eta hemendik kanpo ezagunak gara. Iaz, Lonbardiako Giroan, bueltatxo bat ematera atera ginen. Euskaraz hitz egiten entzun ziguten eta berehala konturatu ziren euskaldunak ginela: ez zuten esaten ari ginena ulertzen eta hemengo bizikletak genituenez…».
Asteburuan Italiara
Asteburu honetan berriro Italiara joango dira. «Zikloturisten Milan-San Remok, profesionalenak bezala, 308 kilometro ditu. Oso luzea da, baina ondo prestatuta goazela uste dugu. Italian oso azkar joaten dira. Oso lehiakorrak dira eta ez dituzte trafiko arauak errespetatzen. Belgikan eta Herbehereetan polikiago ibiltzen dira».
Igande honetakoa, oraingoz behintzat, azken monumentua izango dela diote. «Alpeetara eta Dolomitetara joan nahi dugu, ez baititugu ezagutzen. Horietara familiarekin joango gara».
Atzerriko martxa zikloturistak ezagutzea merezi duela diote. «Quebrantahuesos proba egiteko ohitura handia dago. Hori ondo dago, baina aipatutako probek xarma berezia dute: klasiko horietan historiako txirrindulari onenek parte hartu dute».
Txirrindulari onenek laguntzaile oso onak zituzten, baina ez Arzelus eta Lizarazu bezain fidelak. Toki guztietara elkarrekin joaten dira eta sekula ez dute laguna atzean uzten. «Zipi eta Zape deitzen digute. Ibilbide osoa elkarrekin egiten dugu. Horrenbeste urte elkarrekin eman ondoren, ez dugu hitz egin beharrik: elkarri begiratu eta berehala konturatzen gara bestea nola dagoen. Igandetan gurekin etortzen direnek senar-emazteak garela ematen dugula esaten dute, beti eztabaidatzen ari garelako. Baina hori igandetan bakarrik gertatzen da. Kanpora joaten garenean, ederki moldatzen gara. Badakigu elkarren beharra dugula».
Eta emazteek zer diote? «Monumentua beraiek merezi dute!», diote.