Ostiralean Merkatarien Eguna ospatuko dute
Bi-Tartean merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteak irudi berria du. Herritarrek irudiak aurkeztu zituzten, epaimahaiak bi aukeratu zituen eta bezeroek goran ikusten den irudia aukeratu dute. Ostiralean emango dute ezagutzera egilearen izena.
Ostiralean, hain zuzen ere, Merkatariaren Eguna ospatuko dute. Beraien festa bezeroekin ospatuko dute egunean zehar. Merkatariek euren argazkiak erakutsiko dituzte. Asmoa, produktuen eta zerbitzuen atzean dauden profesionalei balioa ematea izango da. Gainera, dendak eta kaleak apainduko dituzte eta merkatari bakoitzak eguna bezeroekin nola konpartitu erabakiko du. Bakoitzaren esku geratuko da. Batzuk modu berezian apainduko dute dendaren kanpoaldea, beste batzuk mokadutxo bat eskainiko dute edo zozketaren bat egingo dute…
Iluntzean, dendak itxi ondoren, merkatari guztiak Urretxuko Iparragirre plazan elkartuko dira. Bertan, mokadutxoa egingo dute eta taldeko argazkia aterako dute.