Sozialistek oposizioaren "etengabeko errespetu falta" salatu dute

Zumarragako PSE-EEk udal hauteskundeen balorazioa egin du. Komunikabideetara igorritako oharrean, Mikel Serranoren hautagaitza Goierri garaian babes handiena lortu duena izan dela aldarrikatu du. “Bozka eman dutenen %42,72ak PSE-EEk azken 16 urteetan egin duen kudeaketari bere bermea eman dio. Gure balorazioa oso positiboa da. Are gehiago, eskualdeko eta Gipuzkoako testuingurua zein den kontuan hartuta. Beraz, gure ustez, oso emaitza ona izan da”.
Sozialistek azken legealdia “bereziki zaila” izan dela diote, pandemiak eta Ukrainako gerrak ekonomian eta energian eragina izan baitute. “Dena den, larriena oposizioaren etengabeko errespetu falta izan da. Ez dituzte organo instituzionalak errespetatu. Sare sozialak erabili dituzte gure kudeaketa eta pertsonen izen ona zikintzeko. Oposizioaren azken lau urteetako lan egiteko moduak ez dio herritarren nahiari erantzuten eta ez du elkar ulertzea errazten. Izan ere, interes partikularrei eman diete lehentasuna, eta ez zumarragorron interesei. Sozialistontzat, parte hartzea ez da arma politiko bat, baizik eta entzute aktiboa sustatzeko erremintarik onena. Hala, parte hartzea sustatzen jarraituko dugu”.
PSE-EEri botoa eman dieten 1.935 bizilagunei eskerrak eman dizkiete. “Zumarragaren alde lan egiten jarraituko dugu. Zumarragarren ongizatearen alde”. Herria hobetu duten egitasmo handiak martxan jarri direla gehitu dute. “Zumarraga Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren agendan dago. Gainera, azken legealdi honetan komunikazioa eta parte hartzea hobetu dira. Arlo ezberdinetako eragileekin komunikazio kanal egonkorrak martxan jarri dira”.
Azkenik, zaurgarrienei, adinekoei, gazteei, merkatariei eta ostalariei laguntzen jarraituko dutela aurreratu dute. Baita trantsizio energetikoa, industriaren berritzea eta kalitatezko enplegua sustatuko dituztela ere.