Gorka Ruiz areto futbol jokalari zumarragarrak Ibarrako Lauburu taldearekin fitxatu du. Ruizek Goierriren areto futbol taldean jokatu du orain arte eta datorren denboraldian maila bat gorago jokatuko du: 2. B mailan. Ibarrako taldea Gipuzkoako indartsuena da. Amaitu berri den denboraldian 2.B mailako Gipuzkoako talde bakarra izan da, baina datorren denboraldian Tolosako Laskorainek ere 2.B mailan jokatuko du. 2020-2021 denboraldian ere Laskorainek 2.B mailan jokatu zuen.
Ruizek 27 urte ditu eta hegaleko pibota da. Ilusio handia du, noski. “Plazera da Laubururen parte izatea. Entrenatzen hasteko gogo handia daukat, eta ahal dudan guztia emango dut denboraldiko helburuak lortu ahal izateko”, azaldu du.