Saguzarrak dira Antioko baselizan bizi diren animalia handienak. Beraiei esker Antion ez dago eulirik, armiarmarik edo labezomorrorik, baina arazoak ere sortzen dituzte.
Baserrietan txakurrak dituzte eta Antioko baselizan saguzarrak. Ez dira lapurrak uxatzeko gai, baina beraiek ere badute funtzioa: saguzarrei esker, Antion ez dago intsekturik.
Antioko Lagunen Elkarteko kideak arduratzen dira baselizaz. Horrenbeste urteren ondoren, asko dakite saguzarrei buruz. «Ama Birjinaren atzean dute sarrera eta irteera. Eta habiak ere bertan dituzte, Ama Birjinaren gainean. Baita beiratearen inguruan ere. Ez dakigu zenbat dauden. Pila bat ez dira egongo, bestela ez baitzuten denentzat janaririk edukiko. Dozena bat daudela uste dugu», azaldu du elkarteko Jose Roman Urkiolak.
Gauez
Ez da erraza saguzarrak ikustea, gauez bakarrik ateratzen baitira. «Noizbait kumeren bat habiatik erori da eta elizatik kanpora atera dugu. Helduren bat ere erori da. Iraileko kontzertuetan saguzarren bat ikustea ez da horren arraroa. Izan ere, Antioko zikloko kontzertuak iluntzean izaten dira. Gauetan eliza guztian zehar mugitzen dira», gehitu du Urkiolak.
Handik gutxira, hibernazioa hasten dute. «Udazkenetik udaberrira hibernatzen dute». Dagoeneko aktibo daude, beraz. Uztailaren 2an, Santa Isabel eguneko festan, inork ez ditu ikusiko baina han egongo dira.
Beraiei esker, Antion ez dago zomorrorik. Baina gauza txarrak ere badituzte. «Txiza eta kaka egiten dute eta egunero dena ondo garbitu beharra dugu. Gainera, noizean behin alarmak jotzen du saguzarren hegaldien ondorioz. Kamerak ditugunez, eliza barruan ez dagoela pertsonarik ikusten dugu eta ez dugu bertaratu beharrik».
Saguzarrak dira azkenaldian Antion ikus daitezkeen animalia bakarrak. «Lehen sagu txikiak ere egoten ziren, baina azkenaldian ez ditugu ikusi. Saguek arazo handiagoak sortzen zituzten, kableak jaten baitzituzten. Kableak aldatu genituen eta berriak ezin dituzte jan», amaitu du.