Urretxuko Udalak BMko aparkalekuaren eta bere inguruaren berritzea hasi du. Aparkalekuak 25 urte baino gehiago ditu: zorua altxatuta dago eta, gainera, irisgarritasun maila kaxkarra du. Aparkalekua eta oinezkoen pasabideak berritzeaz gain, igogailu bat egingo da aparkalekua eta Madaia lotzeko. Horretarako, egungo eskailerak botako dira (argazkain ikus daitekeen moduan, dagoeneko horretan hasi dira). Horien ordez, igogailua, eskailera berriak eta arrapala egingo dira.
Aparkalekuan auto elektrikoak kargatzeko tokia jarriko da. Bi auto kargatu ahal izango dira, aldi berean. Horretaz gain, argiteria berrituko da. LED teknologiaduna jarriko da. Obrak sei hilabeteko iraupena izango du. Hiru fasetan egingo da. Lehen fasea egiten den bitartean, autoak bigarren fasean berrituko den gunean aparkatu ahal izango dira. Bigarren fasea egiten den bitartean, bukatu berria izango den gunean aparkatu ahal izango da. Hirugarren fasean asfaltatze lana egingo da. Bi egunetan egitea espero da. Bi egun horietan ezin izango da BMko aparkalekuan aparkatu. Obraren aurrekontua 448.409 eurokoa da.