Gaur arratsaldean San Joan pilota txapelketako finalak jokatuko dira Ederrena pilotalekuan. Gauean sua piztuko dute Gernikako Arbola plazan. Bihar erromeria egingo dute Santa Barbaran
Urretxuarrek San Joan jaiak ospatuko dituzte gaur eta bihar. Gaur sua piztuko dute eta bihar erromeria egingo dute Santa Barbaran.
Gaur, 18:00etan, Iparragirre Balerdi musika tailerreko bandak kalejira egingo du. Jose Mari Lasa plazatik Ipeñarrietara joango dira eta ondoren Kalerrota, Barrenkale eta Iparragirretik Gernikako Arbola plazara.
18:30ean, San Joan pilota txapelketako finalak jokatuko dira: promesa mailan Irribarria aramarrak Amianoren aurka jokatuko du eta afizionatu mailan Azketak eta Elizegik, Canabal eta Irazustabarrenaren aurka. 20:30ean San Joan arbola jarriko dute Santa Barbaran eta 21:00etan Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egingo du. 22:30ean sua piztuko dute.
Biharko ekitaldiei dagokienez, 10:00etan udal ordezkariak Santa Barbarara abiatuko dira, Lizarriturri taldeko txistulariek eta Lurra taldeko dantzariek lagunduta. 10:45ean Zuhaitzaren Soinua taldeko txalapartariek deialdia egingo dute. 11:00etan meza egingo dute eta loreak bedeinkatuko dituzte. Ondoren, Lurra taldeko dantzariek aurreskua dantzatuko dute.
Toka txapelketa
11:00etan toka txapelketa hasiko da. Tiraldiak 11:00etatik 13:15era eta 16:30etik 18:00era izango dira. Sari banaketa 18:30ean izango da. Horretaz gain, parte hartzaile guztien artean bertako produktuen bost saski zozkatuko dira. Toka txapelketan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman behar dute izena. 16 urte azpikoek ez dute ezer ordaindu behar eta 17 urtetik gorakoek 2 euro.
12:15ean Lurra taldeko kideek dantza saioa egingo dute eta 12:30ean Irimora igoera hasiko da. Lasterketako sariak 13:00etan banatuko dira. Parte hartu nahi dutenek, bertan eman ahal izango dute izena. Herrikrosa.com webgunean ere eman daiteke izena.
Bi ibilbide egongo dira: 16 urte azpikoek Irimo mendiaren magalean korrika egingo dute eta 16 urtetik gorakoak Irimo mendiaren gailurrera igoko dira eta ondoren Santa Barbarara itzuliko dira.
Lasterketaren ondoren, herri kirol desafioa egingo dute. 14:30ean herri bazkaria egingo dute. Bertsolariek goizeko ekitaldi guztiak girotuko dituzte.
16:30ean haurrentzako jolasak eta haurrentzako erromeria hasiko dira. 18:00etan helduen erromeria hasiko da, Aiko taldearekin. 20:00etan irrintzi txapelketa hasiko da. Ondoren, Santa Barbaran elkartutako guztiak herrira elkarrekin jaitsiko dira, txistulariek, dultzaineroek eta trikitilariek lagunduta.
Bukatzeko, 21:30ean erromeria egingo dute Gernikako Arbola plazan. Gauargi taldeak girotuko du.