Haurrek hartu dute aginte-makila haurren asteburuan. Eider Aldalur da aurtengo alkate txikia eta «ilusioz» hartu du kargua Santa Isabel jaiei hasiera emateko pregoia irakurriz.
Zumarragako Santa Isabel jaiak bertan dira eta gaurkoan udaleko ordezkariek alkate eta zinegotzi txikiei eman diete aginte makila, haurren asteburuan. Eider Aldalur Carrera da aurtengo alkate txikia eta «ilusioz» hartu du kargua. Goizeko 11etan egin dute ekitaldia udaletxeko aretoan. Aginte-makila jasotzean hitza haurrek hartu dute eta jarraian, alkate txikiak bere lehen egin beharra bete du: Santa Isabel jaietako pregoia irakurtzea. Alkate txikia zein zinegotzi txikiak balkoira atera dira eta herritarren aurrean pregoia irakurri du Eider Aldalurrek, makila eskuan. Ondoren, beste egiteko bat ere izan du: pintxo lehiaketako sari banaketa. Aldalur alkate txikiak eman dizkie sariak irabazleei gaurkoan.
Zinegotzi txiki ugari izan ditu inguruan alkate txikiak: Ander Etxeberria Gonzalez, Maialen Rueda Ballestero, Beñat Zafra Probanza, Irati Carrasco Etxeberria, Paula Maillo Fariñas, Patrick Omondijie Mifumu, Jare Amenabar Alberdi, Arhane Ferrando Moro, Ander Esnal Luzuriaga, Joanes Etxeberria Sudupe, Malen San Juan Rodriguez eta Irati Zabala Urrate.
Ekitaldiaren ondoren argazkia atera dute udal gobernua osatzen duten zinegotziek eta alkate zein zinegotzi txikiek, udaletxeko eskaileretan, ohi bezala. Bertatik irten eta dantzariek arku bitartez egindako zubitik pasa dira agintari txikiak. Jarraian, agurra eskaini diete hauei, plazako eszenatokitik.