Antioko baselizako atea Urretxuko Hurtado etxetik eraman zuten hara, 1867an. Ekainaren 9an lapur batzuk Antion sartzen saiatu ziren eta atea txikitu zuten. Urretxuko Biona aroztegian konpontzen ari dira.
Antioko atea Zumarragako ate ezagunena da. Beti hor ezagutu dugu, baina ez da beti hor egon. 1867an ekarri zuten, Urretxutik, zaharkitua zegoen atea ordezkatzeko. Egunotan Urretxun dago berriro, Biona aroztegian. Ekainaren 9ko goizaldean lapurrak Antion sartzen saiatu ziren lapurrek ateari egindako kalteak konpontzen ari dira.
Fermin Lopetegik Anjel Cruz Jaca Legorburuk eta Antonio Pradak argitaratutako liburuetatik jasotako informazioaren arabera, haritz egurrez egindako ate ederra Urretxuko Hurtado etxekoa zen. Jose Antonio eta Ignacio Maria Alberdi anaiek eraman zuten Antiora. Alberdi anaiak Zumarragan jaio ziren eta XIX. mendearen erdialdera Amerikara joan ziren. 1867 inguruan itzuli ziren jaioterrira, aberastuta. Egun Euskadi plazak hartzen duen lursaila erosi zuten eta ondoren udalari saldu zioten, plaza eta egungo udaletxea egiteko.
Urretxun ere lursailak erosi zituzten. Besteak beste, zaharkitua zegoen Hurtado jauregia. Bota egin zuten eta harriekin etxe bana egin zuten Zumarragako udaletxearen alboetan (Itarte etxea eta Uzkanga etxea, egun Batzokia dena).
Hurtado jauregiko egurrezko atea Antiora eraman zuten, burdinazko ate zaharra zaharkitua baitzegoen. Hurtado jauregiko atea 1867 amaieran igo zuten Antiora, Soraiz auzoko gazteek. Zamakola arotza arduratu zen atea Antioko baselizara egokitzeaz.
Biona aroztegia
156 urte beranduago, atea arotzen esku dago berriro. Biona aroztegiko arotzen esku, hain zuzen ere. Bionako Jon Toledok oso lan berezia dela aipatu du. «Ate probisionala jarri dugu Antion, guk erosoago lan egin ahal izateko. Ate bat egin dugu, neurrira, behin-behinekoa ere ahalik eta txukunena izan dadin. Antiok horrenbeste merezi du. Antioko ateari dagokionez, ahalik eta pieza gehien aprobetxatuko ditugu. Petatxu bat jarriko diogu, baina ahalik eta gutxien nabarituko da. Zahar itxura ematen saiatuko gara. Burdineriari dagokionez, zegoena jarriko dugu».
«Konpromisoko lana» dela gehitu du. «Ez da erabat ondo geldituko. Ezinezkoa da. Izan ere, atea modu naturalean zahartu da eta jarriko diogun egur zatia hamar egunetan zahartu behar izan dugu. Aurten jendeak asko begiratuko dio, baina datorren urterako ahaztuta egongo da. Ateari beste konponketa batzuk egin zitzaizkiola ikusi dugu, baina inor ez da horretaz konturatzen. Ahalik eta ondoen egingo du, pazientzia eta mimo askorekin».
Bionakoei ondo lan egitea gustatzen zaie eta, gainera, Antio oso toki berezia da Toledorentzat. Izan ere, ezpata dantzaria izan zen urte askotan. «Antio asko maite dut. Santa Isabel eguna oso berezia da niretzat. Hori dela eta, lan hau oso berezia da niretzat».