Txistulari eta dantzariekin batera, Zumarragako banda ezinbesteko osagaia da Santa Isabel jaietan. Bihar kalejira egingo dute eta danborradan joko dute. Astelehenean The Hanfris taldearekin joko dute.
Zumarragako banda XIX. mendean sortu zen eta ordutik Santa Isabel jaiak girotu ditu. Aurten ere ez du kale egingo. Hiru emanaldi egingo ditu: ostiralean kalejira egingo du eta ondoren danborradan parte hartuko du eta astelehenean kontzertua egingo du The Hanfris taldearekin.
Ostiraleko kalejira 19:00etan hasiko da. Bandaren pieza ezagunez gain, Marching Band musika joko dute Amerikako Estatu Batuetako estiloan. Gauean, berriz, danborradan parte hartuko dute.
Emanaldi bereziena uztailaren 3koa izango da: The Hanfris Quartet taldearekin joko dute, 19:30ean, plazan.
The Hanfris Quartet taldea a capella abesten duen Bartzelonako laukote bat da. «Kontzertu hau Nacho Cantalejo zinema konpositorearen bitartez egingo dugu. The Hanfris Quartet taldekoek musikariekin abestu nahi zuten eta Cantalejok gurekin harremanetan jarri zituen. Jazz musika abesten dute eta Cantalejok beraien abestiak moldatu ditu, kontzertu honetarako. Zerbait berria eskaini nahi genuen eta emanaldi freskoa eta originala izango da», esan du Ane Legarreta Zumarragako bandako zuzendariak.
Bandak geltokietako jaietan ere joko du. Zumarragako bandak eta Urretxukoak elkarrekin joko dute. Uztailaren 8an, 13:00etan, kalejira egingo dute eta ondoren kontzertua.