Erretiroa hartu du, urte luzetan euskararen alde lan egin ondoren
Pello Akizu urretxuarrak erretiroa hartu du, azken urteotan Ordiziako Berritzegunean Hizkuntz Arloko aholkulari gisa lan egin ondoren. Gainzuri ikastetxeko lagunek eskerrak eman dizkiote egindako lanagatik eta beraiekin erakutsitako adeitasunagatik. Oroigarria ere oparitu diote. Horra hor Gainzurikoek prestatu duten testua.
“Ekaineko azken txanpan gauden honetan, irakasleok buru belarri gabiltza ikasturte bukaerako lanak itxi eta hurrengoari hasiera ematen. Gero, hain kritikatuak ditugun oporrak etorriko dira. Zuek bai zortea, beti oporretan! eta horrelakoak entzutea ekaineko lana ere izaten da. Baina tira, hori beste baterako utziko dugu.
Azken urteotan, gazi-gozoa izaten ari da garai hau eskoletan gure lankide eta kasu batzuetan lagun bihurtu direnen jubilazioak direla eta. Gainzurin badugu jubilazio berezi bat egun hauetan, bera ez da gure klaustrokidea, baina beti oso gertu sentitu izan dugu.
Ordiziako Berritzegunean lan egiten du Hizkuntz Arloko aholkulari gisa. Urretxuarra. Bai, Pello Akizu Lizarazu, zutaz ari gara. Urte asko eman dituzu euskararen alde buru belarri lanean ez bakarrik hezkuntzari lotutako lanetan euskara irakasle, barnetegietako dinamizatzaile edota administrazioko aholkulari; baita herrian ere udaletxean, Zintzo-Mintzon, Otamotzen…
Beti egon zara prest guri laguntzeko eta euskararen inguruan erreferente garbi bat izan zara Gainzuriko komunitatearentzat, bai aita zein aholkulari bezala ere. Zuretzat esker hitzak besterik ez ditugu eta espero dugu, laister hasiko duzun etapa hau ere oparoa izatea zuretzat eta zure ingurukoentzat. Gu bitartean, zuk jarritako bideari eusten saiatuko gara, euskaratik eta euskaraz.
Bihotzez.
Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxe publikoa”.