Haurrak festez gozatzen ari dira jada. Pregoia Irrika elkarteak egingo du. Uxue Kerejeta, Josune Martin, Andoni Oruesagasti eta Mikel Antia izango dira ezpata-dantzako kapitainak.
Zumarragarrak Santa Isabel jaiak ospatzen ari dira dagoeneko. Lehen ekitaldiak igandean izan ziren eta astelehenerako jaiez blai-blai eginda bukatuko dute.
Jaiak igandean hasi ziren, Haurren Egunarekin. Atzo eta herenegun, berriz, haurrentzako parkeaz eta txu-txu trenaz gozatzeko aukera eduki zuten. Gaur ere plazako jolasez gozatzeko eta txu-txu trenean ibiltzeko aukera edukiko dute. Aurreko bi egunetan bezala, apar festa ere egingo dute: 18:30ean izango da. Lehenago, 17:00etan, haurren pilota txapelketako finalak jokatuko dira.
Biharko ekitaldi nagusiak Ni Naiz Hip Hop festa, gaztetxoen Gran Prixa eta elkarteen danborrada izango dira. Gran Prixari dagokionez, biharkoan 11-15 urtekoek parte hartuko dute. Hori dela eta, zezenik gabe egingo da. Danborradan, urtero bezala, pregoia irakurriko da. Aurten, Eitzako Irrika elkartea aukera dute horretarako. Izan ere, 50 urte beteko ditu irailean. Antxon Biain lehendakariak irakurriko du pregoia.
Dantza libre txapelketa
Larunbateko ekitaldi nagusiak futbol eta boleibol txapelketak, Zumardi elkarteak antolatzen duen dantza libreko txapelketa, errekortari erakustaldia, su artifizialak eta Miami orkestraren dantzaldia izango dira.
Futbol eta boleibol txapelketak La Salle-Legazpi ikastetxeko jolastokiko zezen plazan egingo dira. 11-15 urteko gaztetxoek parte hartuko dute, lau laguneko taldeetan. Su artifizialei dagokienez, Arabako Berantevilla herriko Valecea enpresak eskainiko ditu.
Jaietako egun handia igandean izango da. Egun horretan, zumarragarrek Santa Isabel eguna ospatuko dute Antion. Urteroko moduan, ekitaldi nagusia Irrintzi dantza taldeko kideek, Antxiñako Ama txistulari taldeko kideek lagunduta, egingo duten ezpata-dantza izango da.
Ezpata-dantza
Ezpata-dantzako kapitainak Mikel Antia, Josune Martin, Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta dantzariak izango dira. Sokako dantzariak, berriz, Adur Garmendia, Andrea Sopeña, Maddi Barrena, Irati Marin, Saioa Telleria, Lide Mendiaraz, Iñaki Urteaga, Sara Bidarte, Nahia Tubia eta Nahia Alustiza gazteak izango dira.
Astelehenerako, berriz, aizkolarien saioa, kantu poteoa, kuadrillen arteko Gran Prix lehiaketa, Zumarragako bandaren kontzertua eta Rockalean taldearen kontzertua antolatu dituzte. Asteleheneko Gran Prix saioan 16 urtetik gorakoek parte hartuko dute. Hala, bigantxekin egin ahal izango dute.
Txosnetan ere ekitaldiak antolatu dituzte. Ostiraletik astelehenera, egunero egongo dira kontzertuak.
Jaiak astelehenean bukatzen direla esan daiteke, baina uztailaren 7rako eta 9rako ere ekitaldiak antolatu dituzte. 7an emakumeen txirrindulari lasterketa egingo dute eta 9an Pertsona Nagusien Eguna ospatuko da.