Atzo gauean danborradak herriko kaleak zeharkatu zituen eta Irrika elkartekoek pregoia irakurri zuten
Hasi dira Zumarragako jaiak. Atzo gauean danborradak herriko kaleak zeharkatu zituen eta Irrika elkarteko Antxon Biainek pregoia irakurri zuen, elkarteko kideek lagunduta. Horra hor Irrikakoen pregoia:
“Gabon Zumarraga. Orain 50 urte Eitzako bi kuadrillek elkarte gastronomiko bat egitea pentsatu zuten. Eta Euskal estiloan egin zuten: auzolanean. Irrika Eitzaren eta Zumarragaren alde lan egiten saiatu da beti. Eta jaietako ekitaldietan egin du, batez ere. Gaur bertan danborrada honetan parte hartzen ari diren hainbat lagunek Irrikan afaldu dute gurekin batera. Eta, aspaldiko ohiturari jarraituz, Santa Isabel egunean, Antiora doazen agintari, dantzari eta txistulariei, Irrikakoek gosari txikia eskainiko diegu: gailetak eta ardo goxoa. Ilusioz jaso genuen Udalak egin zigun eskaintza. Baina ez gera bakarrak. Eta Zumarragako elkarte guztiei zabaldu nahi diegu udalaren esker ona. Elkarteak gure herriko altxorretako bat dira. Altxorra dira, elkarteetan giza harremanak bultzatzen direlako, kozinatzen ikasten delako eta elkarbanatzen eta taldean lan egiten eta gozatzen ikasten delako. Lagunok, gora elkarte gastronomikoak! Gora Irrika! Gora Eitza! Gora Zumarraga! Gora Santa Isabel jaiak!”.