Urretxuko Udalak kale garbiketa zerbitzua esleitu du, datozen sei urteetarako. Aurrekontua 485.000 eurotik 656.450 eurora igoko da, baina zerbitzua hobetu egingo da: asteburuetan kale garbitzaile bat gehiago arituko da, astegunetan ordu erdi lehenago hasiko dira lanean, makina berri bat erosiko da eta langileen soldatak eguneratuko dira.
Orain arte bezala, Urretxu Garbi aldi baterako enpresa elkartea arduratuko da kaleak garbitzeaz. Asteburuetan bi langilerekin ez zela nahikoa ikusi dute eta urriaren 1etik aurrera hiru langile arituko dira. Bestalde, 06:30ean hasiko dira lanean. Orain arte bezala, Mugitegitik hasiko dira. 07:00etan hasita bertako langileen jarduna oztopatzen zutela konturatu ziren eta ordu erdi lehenago hastea erabaki dute.
Gainera, ibilgailu berri bat erosiko dute. Elektrikoa denez, egungoak baino askoz ere zarata gutxiago aterako du.
Gaur goizeko osoko bilkuran, tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko eta familiei eskola materiala erosten laguntzeko diru-laguntzen oinarriak ere onartu dira. Aurrekontua 5.000 eurokoa da, baina beharra badago handitu egingo da. Urretxun erroldatutako HHko, LHko eta DBHko ikasleen gurasoek eska dezakete. 24.000 eurotik beherako soldata gordina izan behar dute.
Urtean 21.000 euro baino gutxiago kobratzen dutenek laguntza handiagoa jasoko dute. Eskaerak irailaren 1etik azaroaren 5era aurkeztu behar dira.
Bukatzeko kreditu aldaketa batzuk ere onartu dira. Soberakinetik 369.100 euro hartuko dira, 23 partida indartzeko. Diru hori udaltzainei auto elektriko bat erosteko eta eguneko zentroko plaza kopurua handitzeko erabiliko da, besteak beste.