Jon Segurak (Zumarraga, 1990) podcast-ak egingo ditu hilaren 31tik aurrera. Herritar ezagunak elkarrizketatuko ditu eta puri-purian dauden gaiak landuko ditu, besteak beste.
Nolatan sortu da egitasmo hau? Lehenago ere komunikazio munduan ibilia al zara?
Komunikazio arloan dudan esperientzia tabernan bezeroekin landu dudana da. Proiektu hau nola sortu zen? Bikoteak eta biok astelehenero El conquis programa ikusten dugu, tabernan. Saioa ikusten ari ginela, guk ere saio bat egitea pentsatu genuen: elkarrizketak, tabernan bertan. Izan ere, tabernako giroa elkarrizketa arruntetakoa baino askeagoa izaten da eta elkarrizketatuak lasaiago sentitu daiteke eta askeago erantzun. Elkarrizketak egiteaz gain, pelikulei eta telesailei buruz hitz egingo dut eta gertakizun bereziak kontatuko ditut. Puri-purian dauden gaien inguruko eztabaidak ere egingo ditut: ludopatia, animalien ongizateari buruzko legea…
Ze galdera egin behar dizkiezu elkarrizketatuei?
Ez dira betiko galderak izango. Galdera batzuk guztiei egingo dizkiet. Nahiko pikanteak izango dira. Gainontzeko galderak elkarrizketatuaren araberakoak izango dira.
Nortzuk elkarrizketatuko dituzu?
Uztailaren 31n hasiko naiz eta astelehenero audio bat igoko dut. Hiri Galduak musika taldearekin hasiko naiz. Gorka Hermosa, Iñaki Gastro, Asier de Iglesia, Dani Garcia eta Mikel Balenziaga ere elkarrizketatuko ditut, besteak beste. Tabernari esker jende asko ezagutu dut. Jende askok Cristiano Ronaldo eta Messi bakarrik ezagutzen ditu eta herrian sekulako jendea dugu. Horren adibide onena Hermosa da. Nire neska-laguna poloniarra da eta Polonian Hermosa oso ezaguna da. Hango akordeoilari batek haurrentzako Got Talent saioa Hermosaren abesti batekin irabazi zuen. Bizilagunek herrian dugun jendea ezagutzea nahi dut.
Elkarrizketak taberna orduetan egingo al dituzu?
Ez. Elkarrizketak egiten ditudan bitartean taberna itxita egongo da. Nire neska-laguna bakarrik egongo da. Bera arduratuko da grabaketaz. Bideoa ere grabatuko dugu, Instagram, Tik-Tok eta halakoek bideoa erabiltzen baitute. Audioak Ivoox, Anchor eta Spotify-n entzun ahal izango dira.
Zein izango da podcast-aren izenburua?
Hontando historias izango da bere izena.
Taberna podcast-ean garrantzitsua izango da.
Goi Mailako ziklo bat ikasi nuen, Tolosan. Ondoren, Poloniara joan nintzen Erasmus egitera. Bertan, neska-laguna ezagutu nuen. Baina 18 urte nituenetik tabernetan lan egin dut. Soraluze, Krak, Buhame, Florida, Urola… tabernetan lan egin dut eta Alaska eta Melanz tabernetako nagusia izan naiz.
Zergatik gustatu zitzaizun horrenbeste ostalaritza?
Bizitza ia erdia tabernan pasa dut. Jendea ezagutzea asko gustatzen zait. Une batzuk oso estresagarriak dira, baina une onak txarrak baino askoz ere gehiago dira. Ostalaritzak asko erakartzen nauen zerbait du. Ostalari izateko ostalari jaio behar dela esan ohi dugu. Jende askok ez du zerbitzari izan nahi, asteburuetan lan egin behar delako. Ostalari lana oso lotua da. Bokaziorik ez baduzu, ezin duzu ostalaritzan lan egin.
Nola ikusten dituzu Urretxu eta Zumarragako ostalaritza eta giroa?
Oso ondo. Pandemia ondorengo festak sekulakoak izan dira eta terrazak egunero bete egiten dira. Hemen, egunero tabernara joateko ohitura dugu.