The Excitements eta The Bo Derek’s taldeek joko dute
Urretxuko Udalak, Zarraparra kolektiboaren laguntzarekin, musika jaialdia antolatu du irailaren 9rako. The Excitements eta The Bo Derek’s taldeek joko dute. Jaialdia Areizaga-Kalebarren plazan egingo dute (euria egingo balu, Gernikako Arbolan muntatutako duten karpan). Sarrera doan izango da.
Musika jaialdia The Excitements taldeak hasiko du. 23:00etan igoko dira oholtzara. Zazpi musikariz osatutako talde kataluniar hau 2009. urtean sortu zen. Zarraparrako kideek azaldu dutenez, rythm’n’blues eta soul estiloak “trebeziaz” lantzen ditu.
Taldeko abeslariak Kissia San du izena. Zarraparrakoen esanetan, ahots “izugarria” du eta esperientzi luzekoa da.
The Excitements taldekoek Europa osoko jaialdietan jo dute: Frantzian, Ingalaterran, Alemanian, Italian… Donostiako Jazzaldian bi aldiz jo dute. Donostian egon ziren azkeneko aldian Zurriola hondartza betetzea lortu zuten.
Ondoren, 00:30ak aldera, The Bo Derek’s talde galiziarrak joko du. Rock-and-roll talde honetako kideek ere esperientzia handia dute. Oscar Avendañok Siniestro Total, Los Profesionales eta Reposado taldeetan jo du eta Jorge eta Rufus Lorrek Los Wavy Gravies, The Allnight Workers, eta Family Folks taldeetan jo dute, besteak beste. Zuzeneko indartsu eta dibertigarriak eskaintzen dituzte.