Oscar Sanchez (Urretxu, 1974) Alacantera joan zen bizitzera nerabea zenean. Ia 35 urte daramatza han, baina ez du Urretxurekin lotura galdu eta euskaraz egin du elkarrizketa.
Nolatan joan zineten Alacantera?
Aitak Patrizio Etxeberria enpresan lan egiten zuen eta Alacantera etorri zen, burdindegi bat irekitzeko asmoarekin. Baina hona etorri eta urtebetera aita hil egin zen, istripu batean. Nik 16 urte nituen eta nire arrebek 6 (Maider) eta 3 (Ainara).
Ez duzu ez euskara eta ez herriarekin zenuen harremana galdu.
BBBko 2. mailan (egungo 4. DBH) nengoenean etorri ginen Alacantera. Hurrengo ikasturtean lizeoan nire ikaskideak izandakoek ikasbidaia egin zuten Torremolinosera eta ni ere joan egin nintzen. Oso polita izan zen: amak diru arazoak zituen eta lizeoko ikaskideek ordainduta joan nintzen. Horrelakoak ez dira ahazten.
Gogorra izan al zen Alacanteko bizimodura egokitzea?
Nik espero nuena baino gutxiago. Ikastolan eta lizeoan euskaraz egin nituen ikasketak, baina berehala ohitu nintzen gazteleraz ikastera. Gainera, berehala lagun onak egin nituen, saskibaloian jokatzen hasi nintzen…
Alacanten bizi izan al zara beti?
Bai, baina nire emaztearen familiak Alacanteko herri txiki batean etxe bat du. Biar herrian, hain zuzen ere. Asteburuetan eta oporretan bertara joaten gara. Oso gustura joaten naiz. Niretzat, Urretxura joatea bezala da ia: mendian dago, han ere kuadrilla dut… Hirietako bizimodua ezberdina da. Alacant, oso handia ez den arren, hiri bat da. Eta gainera, egun Valentzian lan egiten dut. Valentzian ematen dut aste erdia.
Zertan lan egiten duzu?
Arkitektura teknikoa ikasi nuen. Aparejadorea naiz. Horretan lan egin nuen, krisia heldu zen arte. Ondoren, txirrindularitzan espezializatutako bidaia agentzia bat ireki nuen. Lau urte eman nituen agentziarekin, 2014tik 2018ra. Egun, promotore batean lan egiten dut, zuzendari tekniko bezala.
Bidaia agentzia zenuen garaian, nongo bezeroak zenituen?
Norvegiako, Herbeheretako, Belgikako… bezeroak nituen. Nik zerbitzu guztiak eskaintzen nizkien: hotelak, ibilbideak… Lagun onak egin nituen. Belgikarrak, batez ere. Egunen batean bisitan joatea espero dut.
Seme-alabarik ba al duzue?
Seme bat eta alaba bat ditugu. Semeak, Nicolasek, 16 urte ditu. Alabak, Mariak, 14 urte. Ukrainako neska bat ere badugu: Katherina du izena, 10 urte ditu eta uda pasatzera etorri da.
Askotan etortzen al zarete Urretxura?
Seme-alabak ez dira askotan joan: krisia dela eta 2010etik 2014ra eraikuntza arloa oso gaizki egon zen Alacanten, pandemia, emazteak hanka hautsi zuen… Zazpi urte daramatzate Urretxura joan gabe. Ni aurten joan naiz, baina Frantziako Tourra ikustera. Hori dela eta, ez dut familia eraman.
Non ikusi duzu Tourra?
Lehen egunean Gernikan izan nintzen Unai Eizagirre lagunarekin, bigarrenean Aztirian Asier Aranbururekin eta hirugarrenean Zarautzen Ibon Salaberriarekin. Tourra bizikletan ibiltzeko eta familia eta lagunekin egoteko aitzakia izan zen. 2-3 ordu bizikletan ibili, lasterketa ikusi…
Santa Isabel egunaz gozatzeko aukera ere izan zenuen.
Santa Isabel eguna oso egun polita da. Azken 10-15 urteetan ikusi gabeko jende asko ikusi nuen. 34 urte neramatzan Santa Isabel egunean egon gabe. Hasieran Urretxuko jaietara urtero joaten nintzen, baina ez nuen Zumarragako jaietara joateko ohiturarik. Egun zailagoa da Urretxuko jaietara joatea, ordurako seme-alabak ikasturtea hasita baitaude.
Ze zaletasun dituzu?
Txirrindulari elkartekoekin bizikletan ibiltzea eta familiarekin mendira joatea. Emaztea eta seme-alabak mendizaleak dira. Biar herrian 700 metrora dago eta oso toki politak ditu mendian ibiltzeko. Baina udan ez dago mendira joaterik, beroa dela eta. Hasieran mendian ibiltzen nintzen, ondoren mendiko bizikletan ibiltzen hasi nintzen eta egun errepidekoarekin ibiltzen naiz. Biarren egiten zen probaren antolaketan parte hartzen nuen eta Ibiko Tour del Juguete eta Benidormeko World Cycling Tour bizikleta proben antolaketan parte hartzen dut.
Bizikleta martxetan parte hartzen al duzu?
Iaz Granadan egon nintzen, baina egun garai batean baino martxa gutxiago egiten ditut. Nahiago dut lagunekin turismoa egin: 80-100 kilometro egin bizikletan, bazkaldu, tokiak ezagutu… Haurrentzat eredu ona izatea komeni da eta lortu dugula dirudi. Biak kirolzaleak dira. Semeak atletismoa egiten du eta alabak balleta.
Zer da zuretzat Urretxu?
Urretxu oso garrantzitsua da nire bizitzan. Niretzat, kuadrilla eta euskara ez galtzea funtsezkoa da. Kuadrillarekin oso harreman estua dut Whatsappi esker eta beste lagun batzuekin Facebook bidezko harremana dut. Erabilpen ona ematen bazaie, sare sozialak oso erreminta onak dira. Alacanten Oscar el Vasco bezala ezagutzen naute eta Biarreko kuadrillakoek Lehendakari deitzen didate.
Urretxuko eta Zumarragako Facebookean dezente parte hartzen duzu.
Urretxuko eta Zumarragako Facebooka sortu zuen mutila ezagutu dut bidaia honetan. Osaba baten laguna da. Herrian gertatzen dena jakitea gustatzen zait. Adi nago beti. Urruti bizi naizelako zer edo zer ulertzen ez badut, lagunei galdetzen diet: Orbegozoren itxiera, plastiko plantaren irekiera…
Senitarteko asko al dituzu Urretxun?
Amaren aldetik, bi osaba ditut: Mitxel eta Javi. Brumadensa taldeko Ibon Martinez Mendiaraz nire lehengusua da. Aitaren aldetik, berriz, bi izeba ditut: Antonia eta Kati. Aitona-amonak hil egin ziren.
Realzalea ere bazara.
Ez naiz oso futbol zalea. Realzalea naiz, futbol zalea baino gehiago. Realaren partidak ikusten ditut eta seme-alabak ere txuri-urdinak dira.
Zerbait gehiago esan nahi al duzu?
Urretxura joaten naizen bakoitzean, jendea oso ondo portatzen da nirekin. Oso eskertuta nago. 34 urte eta gero, jada ez dut herriarekin harremana galduko. Haurrak heltzen direnean, gehiago joango naiz. Datorren urtean 50 urte beteko ditugu eta martxoan kintada egiteko asmoa dugu. Joan egingo naiz, noski.