Domingo Unanue arkitekto ordiziarrak Zumarragako Legazpi auzoa diseinatu zuen 1950eko hamarkada erdialdean. Eraikin xumeak dira, baina bizilagunen bizi kalitatea eta hartu-emana bultzatu zituen.
Getxoko Neguri Euskal Herriko aberats auzo ezagunena da. Bertako eraikinak ikusgarriak dira, baina ziur bizilagunen arteko harremana ez dela Zumarragako Legazpi auzunekoa bezain estua eta ona. Duela egun batzuk egungo eta garai bateko bizilagunek auzotarren festa egin zuten, laugarrengoz, eta ehun lagun baino gehiago elkartu ziren.
Dagoeneko auzotik kanpo bizi direnek ere, harrotasunez esaten dute Legazpi auzoan jaio zirela eta auzoa goraipatzen dute. Izan ere, oso auzo berezia da. Herri erdian dago eta zerbitzu guztiak gertu ditu (udaletxea, supermerkatuak, kiroldegia, anbulatorioa, geltokia, musika eskola…), baina aldi berean lasaia da. Gainera, arkitektoak bizilagunen bizi kalitatea zaindu zuen eta bizilagunen arteko hartu-emana bultzatu zuen.
Zumarragako Legazpi auzunea Domingo Unanue arkitekto ordiziarrak diseinatu zuen. Unanue ospe handiko arkitektoa izan zen eta Gipuzkoako lehen eraikin arrazionalista ere egin zuen. Ordiziako Herri Antzokia, alegia.
Legazpi auzuneko etxeak ez dira estilo arrazionalistakoak, baina zentzuz egindakoak bai ordea. Zumarragak bere populazioa hirukoiztu zuen garaian eraiki ziren. Etorkin asko heldu ziren eta etxebizitza premia larria zegoen. Garai hartan auzo asko eraiki ziren, baina horietako hainbatetan ez zuten bertan bizi behar zirenen ongizatea aintzat hartu.
Lorategiak auzolanean
Legazpi auzunean bai, ordea. Unanuek auzoan haur asko bizi behar zirela kontuan izan zuen eta lorategiak eta plaza estali bat diseinatu zituen. Lorategiak bizilagunek egin zituzten, euren etxeetara joan zirenean. Kamioi bat lur eraman zuten eta guztien artean bota zuten. Gero, urtetan zehar, bizilagun bakoitzak bere lana egin zuen: batzuek zuhaixkak mozten zituzten, besteek belarra…
Duela urte batzuk Zumarragako Udalak hartu zuen lorategien ardura. Iturri bat eta bankuak ere jarri ditu eta irisgarritasuna hobetu du.
112 etxebizitza daude, 15 ataritan banatuta. Gazte dezente bizi dira bertan, auzoaren lasaitasunak eta edertasunak erakarrita.