Urbiara doazen mendizaleei bidea erakutsi eta itzala ematen dieten zuhaitzetako batzuk zumarragar eta urretxuar talde batek landatu zituen. Zuhaitz horiek Beloki menditik eraman zituzten Urbiara.
Gipuzkoan zuhaitz zoragarri asko daude eta herrialdeko armarrian bertan hiru hagin ageri dira, baina zuhaitz ezagunenak eta maiteenak Urbiakoak dira seguru aski. Urbia oso toki berezia da gipuzkoar askorentzat eta zuhaitz horiek bidea erakusten dute eta ongi etorria eta itzala ematen diete mendizaleei, pasealeku ederra osatuz. Horietako batzuk zumarragar eta urretxuar talde batek landatu zituen.
Joan den mendeko 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Zumarragako eta Urretxuko mendizale talde bat Urbiara joaten zen igandero, udaberritik udazkenera arte. Zegamako apeaderotik irteten ziren, Andraitz zeharkatzen zuten eta ermita ingurua zuten topaleku. Han, Oñatiko eta inguruko mendizaleekin eta Arantzazuko fraideekin elkartzen ziren.
Mendizale talde horrek ermitaren eraikin berean zituen sukaldea, biltegia, jangela eta komunak. Bertan salda prestatzen zuten eta meza ondoren bazkaria.
Urbiako ermita 1924ko irailaren 24an inauguratu zen, bertako artzainek igandero meza har zezaten. Izan ere ordura arte artzainek zuten tenplurik gertukoena Arantzazuko eliza zen. Urbiako baselizaren eraikitzea Arantzazuko fraideek bultzatu zuten.
Belokiko lizarrak
Ermitara eta fondara bidea markatzen duten lizarretako batzuk, Zumarraga eta Urretxuko mendizale talde horrek landatu zituen. Talde horretako kideetako bat Sagaspe baserriko Jose Inazio Zaldua zen. Zalduak lizar horiek Beloki mendiaren magaletik hartu zituen eta ondoren Urbian birlandatu zituzten, bere seme Jose Luisek esandakoaren arabera.
Birlandatze lana gogoan gordeta duen lagunetako bat Javier Fernandez mendizale urretxuarra da. Gazte zela, 1970eko hamarkadan, Zumarragako Izaspi-Oargi mendi taldearekin mendira joaten hasi zen. Egun, mendizaletasuna sustatzen jarraitzen du, Ostadar mendi taldean. Ez daki nola suertatu zen lizarrak landatzearen ideia. Seguruenik, Oargiren eta Zalduaren hartu-emanetik sortu zela uste du.
Lizarrak birlandatu ziren igandean, Fernandez Jose Felix Gonzalez Uribesalgo Txef lagunarekin zegoen. Iturburu ondora abiatu ziren, Zalduarekin. Honek zuhaixkak eman zizkien (ermitako eraikinean gordeak izango zituen) eta non landatu behar zituzten esan zien bi mutikoei. Fernandezen ustez, lizarrak aproposak ziren, hostoak abelburuentzako jangarriak direlako eta udan itzala ematen dutelako.
Juan Mari Gabilondo mendizale zumarragarraren arabera, landaketen fase desberdinak daude. Lehen fasean Elorrola lepotik ermitaraino, ermitatik fondara eta errekaraino landatu zirela uste du. Goiberri aldizkarian argitaratutako 1930eko argazkian landatu berriak dira Elorrolatik ermita arteko lizarrak. Argi ikusten da Joan Iturralderen argazkian. Fonda eta errekarantz ere abiatzen direla ikusten da.
Joan zen mendeko beste argazki zahar batean, 1925ean ateratakoa, ez da lizar bakar bat ere ikusten Urbian. Beraz, lehen lizarrak 1925 eta 1930 artean landatuak dira (gertuago, dirudienez, 1930etik). Lizar errenkada guztietatik, horiek dira hostaje handiena dutenak.
Beste zuhaitz lerro batzuk ere zabaldu ziren, Urbiako zabaldian gidatze lanak errazteko. Izan ere, mendizaleak galdu egiten ziren. Hori dela eta, azken faseetako zuhaitz landaketek gidatze helburu argia izan zuten.
Lainoa izanez gero, mendizaleek erreka bilatzen zuten eta ondoren lizar ilaretara jotzen zuten. Horien bidez posible zen gero fonda edo eta ermitara iristea. Hortik aurrera, lehenengo faseko zuhaitz ilararekin, mendizaleak erraz asko jaitsi zitezkeen Arantzazura.
Luis Fernandez oñatiarra aipatzea merezi duen beste pertsona garrantzitsu bat da (Zumarragako emakume batekin ezkondua zen).
Zedarriak
Javier Fernandezen informazioaren arabera, zelaiko harrizko zedarriak oñatiarrak ipini zituen. Lurrean sakon sartu zituen. Batetik bestera 6 bat metroko tartea dago. Javier Fernandezen ustez, Luis Fernandezek 25 urteko lana izan zuen. Gerora ere, pandemiaren aurretik, zedarriak margo zuriz margotu zituen.
Datorren astelehenean Urbiako festa ospatuko da. Adin guztietako ehunka lagun joango dira Urbiara, Zumarragako, Urretxuko eta inguruko beste hainbat herritako mendizaleek urte luzetan landatutako zuhaitzak lagun. Izan zirelako gara, garelako izango dira.