Antonio Calvok (Segovia, 1950) Gipuzkoako eta Euskadiko toka txapelketak irabazi ditu. Jubilatuen etxeko parkean entrenatzen du eta gazteak tokan jokatzera animatu ditu.
Noiz hasi zinen tokan jokatzen?
Toka betidanik ezagutzen dut, baina ez nuen jokatzen. Gustuko nuen, baina ez nintzen San Joan eguneko txapelketan parte hartzera animatzen. Behin, lagun batek geltokietako auzoko jaietako txapelketan parte hartzera animatu ninduen. Hirugarren postua lortu nuen. Ordutik, tokan jokatzen dut. 2010 inguruan izango zen. Ordurako jubilatuta nengoen.
Non entrenatzen duzu?
Urretxuko jubilatuen etxearen ondoko parkean entrenatzen dut. Kafe bat hartu, berriketan egin… Lagunekin atseginagoa da. Ino Ugartebururekin asko ibiltzen naiz. Bakarrik aspergarriagoa da. Gauza batek amorrua ematen digu. Mus txapelketetan nahi duten guztiek parte hartzen dute eta inork ez du ezer esaten. Toka txapelketetan, berriz, askotan gaizki ikusten dute federatuak gaudenok jokatzea. Profesionalak izango bagina bezala hartzen gaituzte. Entrenatzea edo ez entrenatzea da kontua, ez federatua izatea. Federatua izateak ez du ona izatea esan nahi. Federatuek jokatzea nahi ez badute, txapelketa herrikoia dela iragarri dezatela. Edo bi txapelketa antolatu ditzatela: bata herrikoentzat eta bestea federatuentzat. Bolatan ere jokatzen dut, baina horretan okerragoa naiz.
Ze dohain behar ditu jokalari on batek?
Entrenatzea da koxka. Ni bizpahiru egunetan behin joaten naiz jokatzera. Ondo botatzea da kontua, baina bakoitzak bere estiloa du.
Ez da erraza txapa jotzea…
Txapa oso estua da eta 11,2 metrora dago. Askotan pieza zuzen-zuzen doala dirudi, baina azkenean ez du txapa jotzen.
Txapelketa asko jokatzen al dituzu?
Herrietan antolatzen diren txapelketetara joaten gara: Segurara, Gabiriara… Gabiriatik urtero sariren bat ekartzen dut. Aurten Gipuzkoako jubilatuen txapelketa ere irabazi dut, Inorekin, Beasainen.
Aurten Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi dituzu, gainera.
Euskadikoa Astigarragan izan zen joan zen astean eta Gipuzkoakoa Urnietan.
Zaletasun handia al dago?
Urretxun eta Zumarragan ez dago zaletasun handirik. Urte askotan ia bakarrik egon naiz. Felipe Torresekin jokatzen nuen. Jokatzen dugun guztiok 50 urtetik gorakoak gara. Jendeak Santa Barbarako txapelketan bakarrik jokatzen du. Gainera, Zumarragan ez da ezer antolatzen eta zerbait antolatzeko asmoa dugu.
Beste herri batzuetan zaletasun handiagoa al dago?
Zarautzen 12-14 lagun elkartzen dira. Babeslea eta guzti dute. Taldeko kamisetarekin jokatzen dute. Baina herri askotan bolan eta tokan jokatzeko ohitura galtzen ari dela uste dut. Bi joko horiek oso lotuta daude eta toki askotan txapelketak elkarrekin antolatzen dira. Tokan jokatzen dugunok bolatan ere jokatzen dugu eta alderantziz.
Luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Lasarte-Oriako gizon batek 83 urte ditu eta jokatzen jarraitzen du. Adinarekin gaitasuna galtzen da, noski. Ondo botatzen du, baina batzuk motz gelditzen zaizkio. Nik, ahal dudan bitartean, jokatzen jarraituko dut. Ino zaletasuna indartu nahian dabil, gainera. Uztekotan nintzen, baina Inok jarraitzera animatu nau. Bolatan jokatzen ere jarraituko dut. Juan Mari Iñurritegi eta Pedro Agirre dira nire maisuak.