Urretxuko kirolariak sekulako maila ematen ari dira eta udalak omendu egin nahi izan ditu: beraiek irakurri dute Santa Anastasia jaietako pregoia. Zapatilak, baloiak, pilotak, eskiak, bainujantziak, bizikletak eta bestelakoak etxean utzi dituzte, jaietako zapia jantzi dute eta mikrofonoaren aurrean jarri dira.
Udalak hainbat kirolari gonbidatu ditu pregoia irakurtzera eta herritarren omenaldia jasotzera: Ainhoa Sanz, Aritz Egea eta Mayi Mujika korrikalariak; June eta Luken Garitano eskiatzaileak; Nahia Garrido igerilaria; Xabier Isasa, Nicolas Alustiza eta Alex Diaz txirrindulariak; Jokin Gabilondo futbolaria; Xabier Erostarbe eta Oier Ibarluzea pilotariak eta Imanol Garziandia eskubaloi jokalaria. June Garitanok, Gabilondok, Erostarbek eta Garziandiak ez dute parte hartzerik izan.
Pregoia Egeak eta Luken Garitanok irakurri dute. Urretxuko herriari eskerrak eman dizkiote beraiekin gogoratu izanagatik eta Urretxuko herriaren izena munduan zehar zabaltzea beti ohore handia izan dela esan dute. “Seguru hemendik aurrera oraindik ere handiagoa izango dela”.
Pasioak batzen dituela aipatu dute. “Goi mailako kirola bere funtsean ez da gizartearentzako beharrezko, baina bertatik eratorritako jokaera batzuk ziurrenik bai. Hauen artean nabarmendu ametsak ez direla beti betetzen, baina ametsengatik lan egin eta borrokatzeak berak sortzen duen gogobetetzea. Kirolean zein bizitzaren edozen esparrutan erabilgarria”.
Bukatzeko, instituzioe kirolean inbertitzeko eskatu diete. “Ez munduko txapeldunak izateko, baldin badatoz ondo, baizik eta gizarte osasuntsuago baten alde. Naiz eta goi mailako kirola ez den hala, kirola osasuna baita. Bukatzeko, denoi festa ederrak opatzea besterik ez zaigu geratzen. Ondo pasa eta zintzo ibili! Gora Urretxu, gora Urretxuko festak eta gora kirola!”.