Zumarragako EH Bilduk udalaren eta Gerozerlanen arteko auzian "erantzukizun guztiak argitu arte" ez dela geldituko iragarri du
Zumarragako EH Bilduk udalaren eta Gerozerlanen arteko auzian “erantzukizun guztiak argitu arte” ez dela geldituko iragarri du. Auzia geriatriko berria egin zenetik dator. Anton Arbulu alkateak aldundiarekin hitzarmen bat sinatu zuen eta horren arabera udalak geriatriko berriaren inguruko urbanizazioa ordaindu behar zuen, apartamentu tutelatuen obratik lortutako diruarekin. Baina krisia iritsi zen, apartamentuak ez ziren egin eta udalak ez zion urbanizazioa ordaindu Gerozerlani. Honek udala epaitegietara eraman zuen. Udalak Arbuluk sinatutako hitzarmenaren berri ez zuela alegatu zuen (hitzarmena ez zen osoko bilkuratik pasa) eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak udalari arrazoia eman zion. Baina Gerozerlanek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo du eta honek Gerozerlani arrazoia eman dio. Zumarragako Udalak 300.000 euro baino gehiago ordaindu beharko dio Moyuak eta Matiak osatutako Gerozerlan enpresari. EH Bilduk prentsa ohar bat igorri du, erantzukizun guztiak argitu arte ez dela geldituko iragarriz. Horra hor oharra.
“Uztailaren amaieran jakin genuen Zumarragako udalak 425.000 eurotik gora ordaindu beharko dizkola Gerozerlan SL enpresari. 322.413,00 euro, gehi interes legalak (gutxienez 100.000 euro izango direla kalkulatzen dugu). Aurtengo martxotik zuten sententziaren berri, maiatzean egin zen epaia irmo eta hauteskundeen ondoren jakin genuen sententzia judizialaren berri, beraz, nabarmen geratzen da zergatik ezkutatu zuten hauteskundeak burutu arte.
2005ean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumarragako udalak hitzarmen bat egin zuten Argixaoko adinekoen egoitza egiteko. Zumarragako udalak lurren lagapena egin zion aldundiari, aldundiak lizitazioa egin zuen egoitza eraiki eta kudeatzeko (Gerozerlan SL-k irabazi zuena) eta Zumarragako udalak urbanizazio gastuak finantzatzeko konpromisoa hartu zuen. Orduko udalak (PSE-EE buru zela eta Mikel Serrano alkateorde) apartamentu tutelatuak egin nahi zituen eta horretarako aldundiak Zumarragako udalak utzitako lurren zati bat berriz ere laga zion helburua betetzeko.
Apartamentu tutelatuak egiteko promozioa egin nahi zuen udalak, 5 milioi euro salmenta eskubideetatik eskuratu eta sarrera horrekin konprometitutako gastua finantzatu (322.413,00 euro).
Baina, finantza krisia iritsi zen, apartamentu tutelatuak ez ziren eraiki, espero zen dirutza ez zen jaso eta udala zordun geratu zen. Gerozerlan enpresak konprometitutako dirua eskatu zuen, baina udalak harrigarriki ez zuela horren berri esan du etengabe.
Euskadiko Auzitegi Gorenak ordea Gerozerlan SL enpresari arrazoia eman dio eta probaturik geratu da udalak konpromisoa hartu zuela eta bazuela hitzarmenaren berri. Udal Gobernuak ez zekiela ezer eta hitzarmena baliogabea dela esan arren, orduan Mikel Serrano zen alkateorde, apartamentu tutelatuen proiektuaren promozioa ere egin zuen (hemeroteka hor dago) eta gainera alkate denetik ez du ekimenik hartu hitzarmen eta konpromiso horren kontra jotzeko, irregularra dela esan arren.
Hau gutxi balitz, apartamentu tutelatuen proiektu bat erredaktatu zen ere, bulego tekniko bati esleitu zitzaion, baina lizitaziorik gabe. Udalak ez zuen txostena ordaindu nahi izan, baina azkenean 100.000 euro inguru ordaindu behar izan zuen. Beraz, 425.000 euroei ordainduta dauden 100.000 euro gehitu behar zaizkie.
Ondorioak oso larriak dira. Kalte ekonomiko izugarria udalaren diru kutxan: 525.000 euroko galera eragin du PSE-EEren praktika okerrak eta arduragabekeriak. Herritarrok ordainduko dugu zulo ikaragarri hau eta udalaren inbertsio ahalmena are gehiago ahulduko du. Diru asko da Zumarraga bezalako udalerri baten.
Gardentasun falta eta ezkutukeria: prozesu judizial eta sententzia guztiak ezkutatu ditu udal gobernuak ezinezkoa izan zaien unera arte. Gainera, behin betiko sententzia izan eta exekuzioa betetzea egokitu arte legegintzaldi desberdinetan jardun duten oposizioko udal ordezkariek ez dute afera eta prozedura administratibo judizial honen berri izan. 2009ko irailaren 9an Gerozerlan SL-k erreklamazio ofiziala erregistratu zuen eta ordutik gutxienez bazuten horren berri. Bestalde, hitzarmena egin zenean Mikel Serrano alkateordea zen, beraz, ez da sinesgarria hitzarmenaren berri ez izatea.
Arduragabekeria politikoa. Sententzian epaileak aipatu bezala, hitzarmenaren legezkotasun ezaren aurrean udalak ez du legeak baimentzen duen mekanismorik martxan jarri hitzarmena bertan behera uzteko: 39/2015 legearen 106 artikuluak hain zuzen ere. Legezkoa ez zela jakin arren, ezer ez egitea arduragabea dela uste dugu. Negligentzia politiko handi baten aurrean gaude eta 500.000 euroko zuloarekin ordainduko dugu.
Udalaren egoera ekonomikoan dituen kalte itzelak kontutan izanik, udaleko ordezkariek sententzia jakin arte informaziorik jaso ez dutela ikusirik eta erantzukizun politikoak egon daitezkeela kontutan izanik, gertatuak ezagutzeko eta ikertzeko betebeharra dagoela uste du EH Bilduk. PSE-EEren kudeaketa arduragabe eta opako baten aurrean aurkitzen gara. Alkateak eta berak ordezkatzen duen udal gobernuak gardentasunez, zintzotasunez eta erantzunkizunez jokatu beharrean, beren alderdikide eta alkate ohi bati egotzi nahi diote erru guztia. Belaunaldi jakin baten lan egiteko moduari egotzi zion alkateak gertatutakoa; garai horretako militante politikoekiko errespetu falta handia iruditzen zaigu.
Hiru galdera nagusi daude hemen erantzuteko: 1) Zergatik ezkutatu dute prozesu judizial guztia udalean izan zezakeen kalte ekonomikoa hain handia denean? 2) Hitzarmena legezkoa ez zela baldin bazekiten, Euskadiko Auzitegi Gorenak eskatu bezala zergatik ez zuten hitzarmenaren kontra jo? 3) Mikel Serrano alkateordea zen hitzarmena egin zenean eta ondoren 15 urtez alkate egon da; ez al du ardura politikorik?
Beraz, egia argitzeko, gertatuak ezagutzeko eta ikertutako gertaerek zer erantzukizun politiko sortzen duten zehazteko ekinbide poltikoak jarriko ditugu martxan datozen asteetan.
Zumarragarrek eskubidea dute euren diruarekin zer gertatu den jakiteko eta gure udal taldearen betebeharra da eskubide horri bide ematea”.