Gipuzkoako Saskibaloiaren Galaren lehen edizioa Urretxuko Pagoeta gune soziokulturalean egin dute
Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak Valentin Berriotxoa urretxuarra eta Urretxuko Udala saritu ditu Gipuzkoako Saskibaloiaren galaren lehen edizioan.
Gala atzo iluntzean egin zen, Urretxuko Pagoeta gune soziokulturalean. Ekitaldia Jon Balentziaga kazetari zumarragarrak aurkeztu zuen. Ekitaldian zehar Secundino Esnaola musika eskolako dantzariek bi saio egin zituzten. Ekitaldian Ainhoa Ibarburu Federazioko presidenteak, Marta Pastor aldundiko Kirol zuzendari berriak eta Gipuzkoako hainbat klubetako kidek parte hartu zuten.
Ekitaldiaren helburua saskibaloi munduko jendea elkartzea eta merituak egin dituztenei esker ona azaltzea izan zen. Balentziagak klubek eta epaileek egiten duten lana txalotu zuen eta Urretxu-Zumarragan saskibaloiak tradizio luzea duela gogoratu zuen. “Urretxun saskibaloia esatea Goierri esatea da, baina saskibaloia Goierriren saila sortu baino lehenago heldu zen herrira. Lehen partida 1963an jokatu zen. Saskiak herriko enpresa bati eskatu behar izan zizkioten. 1967an La Salle Castellblanch taldea sortu zen eta 1968an Goierri. Hasieran kalean jokatzen zen, zelaia markatu beharra zegoen… 1983an Aldiri kiroldegia eraiki zen, 1995ean Goierriren saskibaloi eskola sortu zen eta 2001ean nesken lehen taldea sortu zen. Goierriren historia arrakastaz betetako 60 urte dira. Egun, 200 fitxa baino gehiago dituzte”.
Goierriren saskibaloi sailaren alde gehien lan egin dutenen artean Berriotxoa dago. Atzo entrenatzaile mitikoari dagokion saria jaso zuen. Balentziagak Berriotxoa Goierrin hasieratik dagoela aipatu zuen. “Niri ere entrenatu zidan. Saiatu zen, baina ez zuen nahi bezain emaitza ona lortu. Hala ere, ez zuen ilusioa galdu eta lanean jarraitu zuen”, esan zuen txantxetan.
Berriotxoak, entrenatzaile lanaz gain, kronometratzaile, anotatzaile eta delegatu lanak egin dituela gogoratu zuen. “Entrenatzaile lanean hasi nintzenean, marineen metodoa erabiltzen nuen. Gauzak asko aldatu dira. Egun, jokalariei eskua bizkarrean jarri eta ahal dutela esan behar zaie. Ahal dudan bitartean, entrenatzen jarraituko dut”, esan zuen.
Federazioak Urretxuko Udala ere saritu zuen, Goierrik eta Federazioak udaletxeko ateak beti zabalik aurkitu dituztelako. Azken urteetan Federazioaren campusa Urretxun egin da eta galaren lehen edizioa ere bertan antolatu du. Maialen Fidalgo zinegotziak Udalak ere Goierriren eta Federazioaren ateak beti zabalik aurkitu dituela azpimarratu zuen.
Jon Luqui alkateak aldundiari, Federazioari eta klubei saskibaloiaren alde egiten duten lana eskertu zien eta Goierrik Urretxun beti presentzia handia izan duela gogoratu zuen. “Saskibaloiaren inguruan jende askok lan egiten du eta balioak transmititzen dira. Maialen Fidalgok eta Miguel Cristobalek Urretxun kirolaren alde egiten duten lana ere goraipatu nahi dut”.
Berriotxoa eta udala ez ziren saritutako bakarrak izan. Jokalari mitikoari dagokion saria Fernando Mindegiak jaso zuen. 50 urte ditu eta saskibaloian jokatzen jarraitzen du. 35 urte daramatza saskibaloian jokatzen eta 10 taldetan aritu da.
Epaile mitikoari dagokion saria, berriz, Miguel Angel Fernandezek jaso zuen. 1.000 partida baino gehiago arbitratu ditu. Legendazko mahaiko laguntzaileari dagokion saria Joseba Iranzok jaso zuen. Emakumezkoen eta gizonezkoen lehen mailako partidetan eta Europa mailakoetan lan egin du.
Horretaz gain, Reyes Altzari eskerrak eman zizkioten Federazioan 40 urtetan zehar egin duen lanagatik eta DV egunkariari saskibaloiaren alde egiten duenagatik.
Urteko klubari dagokion saria Tolosako TAKEri eman zioten eta urteko jokalari onenei dagokiona Maria Eraunzetamurgili eta Dario Brizuelari. Bukatzeko, bizirik dirauten Federazioko presidente ohiak omendu zituzten: Juan Pedro Iriazabal, Mikel Lekaroz, Vicente Mozo, Vanesa Asensio eta Pedro Epelde zumarragarra.