Zumarragako Udalak Argixaoko eraikina berritu du eta komun berriak egin ditu. Orain arte komunak eraikinean zeuden eta hemendik aurrera eraikinaren eta harmailaren artean egongo dira. Eraikinari Iñaki Mendiluze izena eman diote. Bihar (larunbata) inauguratuko dute, 11:45ean. 10:00etan Urolaren emakumezkoen taldeak jokatuko du eta 12:15ean Urolaren gizonezkoen taldeak.
Eraikinean formazio gela, Urolaren bulegoa, Argixaoko kontserjearen bulegoa, fisioterapia gela eta errekuperazio gela daude. Eraikinak beirateak ditu, argitasuna eta itxura modernoagoa lortzeko. Aurrekontua 390.000 eurokoa da eta aldundiak 150.000 euroko diru-laguntza eman du. Argazkietan ikus daitekeen moduan, gaur goizean azken lanak egiten aritu dira.