Iñigo Agirre harakin zumarragarrak erretiroa hartu behar du eta Patxi Arangiz altsasuarrari pasa dio harategia (Oiarbide Harategia deituko da hemendik aurrera). Biek hilabete daramate elkarrekin lanean eta Agirrek bihar du azken lan eguna.
Zumarragarra pozik ageri da bera aitona Santosek irekitako harategiak zabalik jarraituko duelako. “Denbora generaman lokal handi baten bila. Toki askotan begiratu genuen: Goierrin, Donostialdean, Tolosaldean… Azkenean, Zumarragan aurkitu dugu”, azaldu du Arangizek.
Denetik eskaintzen dute. “Gure espezialitatea kroketak, txistorra eta txorizoa dira. Gipuzkoako kroketa lehiaketa bi urtez jarraian irabazi genuen. Txistorrarekin eta txorizoarekin Donostian eta Azpeitian sariak irabazi ditugu. Horretaz gain, tripakiak, lasagna, haragi-bolak, entsaladilla, mingaina… egiten ditugu. Enkarguz, bezeroak nahi duen guztia egiten dugu. Nire arreba Amaia da sukaldaria”.
Arangiz-Oiarbide familiak Zegaman eta Beasainen ere harategiak ditu. “Idiazabalen ere bagenuen, baina txikia zen eta itxi beharra izan dugu. Idiazabalen oso gustura geunden eta idiazabaldarrei eskerrak eman nahi dizkiegu. Oso ondo hartu gintuzten”.
Zumarragan ere ondo hartu ditute. “Oso gustura gaude. Herri polita da eta ondo saltzeko aukera dago. Harategia toki onean dago eta, gainera, udalaka kalea berritzeko asmoa du. Jende asko pasatzen da hemendik”.