Piztu Gazte Mahaiak hasi du ikasturtea. Aldaketak egin dituzte: bi proiektu landu beharko dituzte gazteek, abendutik aurrera bakarrik moldatu beharko dira eta logotipoa ere berritu dute
Urretxuko Udalak Piztu Gazte Mahaia proiektua “osorik” birplanteatu du, “parte hartzaileagoa eta eraginkorragoa izan dadin”. Hala, ikasturte honetan bi proiektu garatu beharko dituzte urretxuar gazteek: bat, eurek proposatutakoa eta, bestea, udalak proposatutakoa. “Gaztebidean eraberritua eureganatzeko estrategia zehazteko erronka” jarri die administrazioak.
Beste berrikuntzetako bat parte hartzean sakontzea izango da, “erabateko parte hartzera iritsi arte”. Abendura bitartean Urretxuko Udaleko Gazteria teknikariak eta Gaztebideaneko koordinatzaileak izango badira ere saioen gidariak eta saiook eta ikastetxeetako lanketak prestatuko dituztenak, abendutik aurrera eurek gidatuko dituzte euren saioak eta ikastetxeetako parte hartzeak eta eurak izango dira proiektua gidatuko dutenak. Horren aurretik, baina, abenduan, udal ordezkariekin elkartuko dira euren proiektuak elkarbanatu, nola garatuko duten aurkeztu eta elkarlana zehazteko. Bilera horren ondoren komunitateari ere aurkeztuko dizkiete proiektuak, prentsaurreko bidez.
Aro berria irudikatzeko gazte mahaiak logotipo berria ere badauka. Piztu hitzarekin jolasean, bonbila minimalista bat argitzen ikusten da.
Piztu Gazte Mahaia egitasmoak atzo hasi zuen ikasturtea. Ikastetxe guztietako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ordezkariak bildu ziren Urretxuko udaletxeko Portaloian. Lehen saioa elkar ezagutzeko eta garatuko dituzten proiektuetara hurbiltzeko baliatu zuten. Besteak beste, nerabeek proposatutako proiektuak aztertu zituzten. Dena dela, datozen asteetan eskoletan landuko dituzte sakonago, parte hartzea ikasmaila bakoitzeko nerabe guztiengana zabaltzeko. Hemendik aurrerako saioetarako espazioa nola antolatu zehazteko ere baliatu zuten atzoko saioa.
Urretxuko Udalaren Gazteria Sailak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren aholkularitza izan du gazteen mahiari beste buelta bat emateko. Ikastetxeetako arduradunekin ere hartu-emana izan dute proiektua garatzeko.