Miren Ros adituak haur txikiekin pantailak nola kudeatu landuko du tailer batean. Hilaren 30ean eskainiko du, 18:00etan, Urretxuko kultur etxean. Parte hartu nahi dutenek hilaren 28a baino lehen izena eman behar dute, labur.eus/abG43 helbidean.
Tailer hau mugikorren gaineko kezkak batutako guraso talde batek antolatu du, Urretxuko Udalaren babesarekin.
Rosek udaberrian hitzaldi jendetsua egin zuen Labeaga aretoan, haurren eta nerabeen mugikorren gaineko erabilpenaren inguruan. Bertaratutako gurasoei ikastetxeetan talde eragileak eratzea proposatu zien.
40 gurasok eman zuten izena. Urriaren 3an talde eragileetako ordezkariak elkartu egin ziren, elkarlanean zer egin zezaketen aztertzeko. Hala, aipatutako tailerra antolatzea erabaki zuten.
Urriaren 3ko bileran, hilaren 30ean egingo den tailerra antolatzea adosteaz gain, beraien sentipenak partekatu zituzten. Kezka, ezezagutza, pantailen gehiegizko erabilera eta seme-alabei pantailak utzitakoan jasotako kolpeak izan ziren aipatutako batzuk.
Sentipen horietatik abiatuta, zeregin batzuk zehaztu zituzten: talde izaera garatzea, sentsibilizaziotik eta jabetzetik abiatzea, haur eta nerabeen etapa guztietan eragin beharra, gurasoen mugikorren erabileraz ere hausnartu beharra eta beste esperientzia batzuk ezagutzea.
Udazken honetan garatuko dituzten ekintzak sentsibilizaziora eta jabetzera bideratutakoak dira. Rosen tailerraz gain, hitzaldi bat antolatu dute. Gregorio Montero psikiatra ezagunak egingo du, azaroaren 21ean, Labeaga aretoan. Urte hasieran tailerraren eta hitzaldiaren bigarren zatiak egingo dituzte, tailerrean eta hitzaldian aipatutakoa praktikan jartzeko orduan izan dituzten zailtasunak partekatzeko eta estrategia berriak lantzeko.