Kontrato Errekurtsoen Administrazio Organoak Zumarragako ur hornidura eta saneamendu zerbitzuaren esleipenaren inguruko ebazpena egin du
Enpresa esleipendunak ez duela pleguetan eskatzen den guztia betetzen, balorazioa kanpoko enpresa baten esku utzi dela eta kontratazio mahaia ez dela behar bezala eratu ebatzi du
Kontrato Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) Zumarragako ur hornidura eta saneamendu zerbitzuaren esleipenaren inguruko ebazpena egin du. Enpresa esleipendunak ez duela pleguetan eskatzen den guztia betetzen, balorazioa kanpoko enpresa baten esku utzi dela eta kontratazio mahaia ez dela behar bezala eratu ebatzi du.
Lehen ebazpenari dagokionez, errekurtsoa Gestagua enpresak jarri zuen. Enpresa hori bigarren tokian gelditu zen eta KEAOra jo zuen lehiaketa irabazi zuen enpresak (Global Omnium Vanagua) ez zuelako pleguetan jasotako guztia betetzen. KEAOk arrazoia eman dio: Global Omnium Vanaguak saneamendu sarea urtean behin garbituko duela jaso du bere eskaintzan eta pleguek hiru aldiz garbitu behar dela diote. KEAOk Global Omnium Vanagua esleipen prozeduratik kaleratu behar dela dio.
Aquarbe enpresak ere errekurtsoak aurkeztu zituen. Batean kontratazio mahaiak ez duela bere lana bete dio, aholkularitza enpresa batek egindako balorazioa besterik gabe onartu duelako. Aquarbek kontratazio mahaiak txosten teknikoari ez diola ezer gehitu arrazoitu du: ez txostena onartzeko arrazorik eta ezta ondorio propiorik. KEAOk aholkularitza enpresaren txostena ezin dela besterik gabe ontzat eman dio, kontratazio mahaiak eskaintzen balorazio propioa egin behar duela.
Bestalde, Aquarbek kontratazio mahaia gaizki eratu zela ere salatu zuen. KEAOk arrazoia eman dio: kontratazio mahaiak lehendakaria eta hiru bokal izan behar ditu eta kasu honetan lehendakaria, bi bokal eta idazkaria zituen. Hori dela eta, KEAOk esleipena bertan behera utzi du eta prozesua esleipena egin aurreko puntura itzularazi du.
Gaia astearteko osoko bilkuran landu zuten. EH Bilduko Aritz Elgarrestak KEAOk dagoeneko bi aldiz esku hartu duela gogoratu zuen. “Lehenengoan plegoak aldarazi zituen. Hau guztia guztiona den ura merkatura atera dugulako gertatu da. Guk eta Urretxuk bakarrik pribatizatu dugu. Enpresek nola jokatzen duten ikusita, hau ez da hemen bukatuko. Gure burua eskaintzen dugu laguntzeko. Ura Gipuzkoako gainontzeko tokietan kudeatzen den bezala kudeatu beharko litzateke. Ezin dugu bide beretik jarraitu. Uraren kudeaketa publifikatu beharra dugu”.
Mikel Serrano alkateak erantzun zion. “EH Bildu zerbitzuagatik kezkatu zen eta ez zaio zerbitzua eskaintzeari utzi. Pleguak Aquarberen neurrira egin zirela esan zuen eta argi gelditu da ez dela horrela. Uraren zerbitzua publikoa da, ez da pribatua, eta kudeaketa zeharkakoa da. Ondo ari ginela uste genuen. Kontratazio mahaia gaizki eratu omen genuen, non zegoen oposizioa? Gelditzeko unea dela diozu, nora joko dugu? Kudeaketa zuzena? Ondoko herriarekin kontsortzioa eratuko al dugu? Gipuzkoako Ur Kontsortziora joko al dugu? Zuen ahotik denetik entzun dut orain arte. Orain arte zerbitzu publikoa eskaini digu eta Zumarragako zerbitzua beste inongoa baino hobea da”.
Lucia Okariz idazkariak ere hitza hartu zuen, kontratazio mahaiko kidea baita. “Espedientea oso konplexua da. Kontratazio mahaietan kideen kualifikazio profesionala bermatu dugu. Idazkariak batzordekide lana egiten zuen, baina KEAOk hiru batzordekide izan behar direla esan du. Bestalde, aholkularia ez zen edonor, bide ingeniaria zen. Eta KEAOk gauza asko ontzat eman ditu”.
Elgarrestak espedientearen konplexutasunaren jakitun direla esan zuen. “Multinazionalek petrolioa lortzen dute… petrolioa dagoen tokitik. Baina badakigu gaia korapilatsua dela. Pleguak Aquarberen neurrira egin zirela esan genuen eta hala da: ez zuen irabazi, baina pleguak aldatu zirenean lehen aldian baino askoz ere puntu gutxiago lortu zituen. Bestalde, kudeaketa zuzena edo zeharkakoa den, terminologia kontua da. Aditu batzuk gure iritzi bera dute. Horretaz gain, alkateak kontratazio mahaia eratu zenean non geunden galdetu digu. Non ez geunden esango diot: kontratazio mahaian. Parte hartzen uzteko eskatu nahi dut. Zerbitzua munipalizatu nahi dugu, Urretxurekin batera. Baina hori ez dago Zumarragaren esku bakarrik. Urretxurekin ados jartzen ez bagara, Gipuzkoako Ur Kontsortzioan sartzearen aldekoak gara. Zumarragak zerbitzu ona badu, ez da Aquarberen meritua, baizik eta udalak egindako inbertsioena”.
Serrano izan zen hitza hartzen azkena. “Teknikariek zeharkako kudeaketa onena dela esan dute beti. Kontsortzioan sartzen bagara, zerbitzua eskainiko duten langileak langile publikoak izango al dira? Ez. Beraz, zeharkako kudeaketarekin jarraituko genuke”.