Dlaheyzz herritarrak, Hofe X 4.40, Etxepe eta Dj Set Sara Goxuak parte hartuko dute
Bihar (larunbata) Gipuzkoan Gazte Tour ekimeneko musika jaialdia egingo dute Zumarragako Izazpi auzoko kantxa estalian. Dlaheyzz herritarrak, Hofe X 4.40, Etxepe eta Dj Set Sara Goxuak parte hartuko dute. Jaialdia 19:00etan hasiko da.
Dlaheyzzek herriko lagunekin eman zituen lehen pausoak: GheGo Skilzz izeneko taldea sortu zuen. Ondoren, Walton eta Thejoss-ekin aritu zen. Egun, biko talde bateko kidea da, OG GS ekoizlearekin. Beraien Omega abestiak 11.000 bistaratze baino gehiago ditu Youtuben.
Hofe X 4.40ri dagokionez, Igotz Mendez abeslariak eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleek osatzen dute. Nafarrak dira.
Etxepe, berriz, lau gipuzkoarrek osatzen dute: Eli Maidagan, Markel Mendizabal, Oihan Uribarren eta Andoni Uriartek. Trapa da beraien musikaren oinarria, baina rockaren eta euskal musikaren eragina ere badute.
Bukatzeko, Dj Set Sara Goxua 16 urterekin hasi zen eta 19rekin aritu zen lehen aldiz jende aurrean. Afrikar jatorriko musika, latinoa, elektronikoa eta New Wavea uztartzen ditu.
Gipuzkoan Gazte Tour aldundiko Gazteria departamentuak antolatzen du, gazteek egiten duten musika herri guztietara eramateko eta herrietako musikari gazteei jende aurrean aritzeko aukera emateko. Zumarragako kontzertua atzo aurkeztu zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Isaac Palendia Gazteria zuzendariak eta Nerea Eerrasti zinegotziak parte hartu zuten.
Biharko jaialdia ez da egunotarako antolatu duten bakarra. Hilaren 28an Mutamu Fest jaialdia egingo dute Urretxuko Iparragirre plazan. Herriko Ghetto Skills eta Sin Perdon taldeek, Zestoako Rodeok eta Elgoibarko Muzak taldeak joko dute.
Ghetto Skills taldeak 18:00etan joko du, Sin Perdonek 19:00etan, Rodeok 22:00etan eta Muzakek 23:15ean. Jaialdia Mutamu kolektiboak antolatu du. Mutamu Urretxu eta Zumarragako musika taldeen mugimendua da.