Neska-mutikoei Urolako eta Realeko kamisetak eraman dizkie
Iker Mujika Urolako jokalari ohi urretxuarra Kenyako futbol eskola batean lan egiten ari da. Mujikak Abel Kirui maratoilariaren eskolan lan egiteko eskaintza jaso zuen eta bertara joan da hiru hilabetetarako. Kirui munduko txapelduna izan zen bi aldiz eta Londreseko joko olinpikoetan zilarrezko domina irabazi zuen.
Mujika Irunen (Gipuzkoa) jaio zen eta 6 urte zituenean Urretxura etorri ziren. Orduan zaletu zen futbolera. “Goma-aparrezko baloi batekin hasi nintzen, etxean. Lagunok Gernikako Arbola plazan jolasten genuen”, oroitu du.
Berehala, Urolaren futbol eskolan hasi zen. Urte asko eman ditu Urolan. Duela bi urte utzi zuen zuen herriko taldea. “Urte asko eman nituen lehen taldean. Gazte mailan hasi nintzen lehen taldearekin jokatzen eta pandemia garaian utzi nuen. Lana, egoera, ikasketak… dena elkartu zitzaidan”.
Kirolarekin lotutako ikasketak egin ditu. “Kirol arloko erdi mailako zikloa, goi mailako zikloa eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak gradua egin ditut eta irakaskuntzako masterra ere badut. Heziketa fisikoko irakaslea naiz”.
Kirol munduan lan egin du beti. “Kanpoan lan egiteko aukera ere izan dut. Ingalaterrako gimnasio batean lan egin nuen eta, aldi berean, bertako futbol talde batean jokatu nuen. Ondoren, bi kiroldendetan lan egin nuen. Afrikara etorri aurretik Madrilen lan egin dut, heziketa fisikoko irakasle gisa”, azaldu du urretxuarrak.
Kenyara joateko aukera “bat-batean” sortu da. “Iñaki Etxaniz herrikidearen bidez izan da. Azken urteetan Kenyara etorri da. Kiruirekin harremana egin zuen eta honek bere eskolarako futbol entrenatzaile bat nahiko lukeela esan zion. Iñakik horren berri eman zidan eta ez nuen bi aldiz pentsatu”.
Mujikak eta bere bikoteak egun gutxi batzuk daramatzate Kenyan. “Iten izeneko herrian bizi gara. Bertan, munduko korrikalari onenetako asko bizi dira. Izan ere, bertako baldintzak oso onak dira entrenatzeko. Herria 2.400 metroko altueran dago. Urte batzuk daramatzate korrikarekin lotutako turismoa lantzen eta horren bitartez heldu zen Iñaki hona”, aipatu du Mujikak.
Kontrastea handia dela dio. “Txokea handia da. Nahiz eta zer aurkitu behar duzun jakin, deigarria iruditzen zaizu. Hemen gutxirekin bizi dira, baina gu baino zoriontsuagoak dira. Bizitza sinplea da. Nekazariak eta abeltzainak dira. Dena den, ingurua, klima, jendearen tratua… Euskal Herrikoaren antzekoak dira. Hala, nahiz eta kontrastea handia den, etxean bezala sentitzen naiz”.
Kenyan atletismoa da kirol nagusia, baina Kiruiri futbola ere gustatzen zaio eta haurrei futbolean jokatzen ikasteko aukera ematea erabaki du. “Futbol eskola Eldoreten dago, Itenetik gertu dagoen hiri handi batean. 6 eta 18 urteko haurrak eta gazteak etortzen dira. Oraingoz laurogei bat dira, lau taldetan banatuta. Baina geroz eta gehiago dira izena ematen ari direnak. Laguntzaile bat eta biok arduratzen gara futbol eskolaz. Kiruiren helburua etorkizunean Kenyako futbol akademia onenetakoa izatea da”.
Mujikak Kenyako haurrek futbolerako behar diren dohainak dituztela uste du. “Umeei futbolarekiko pasioa eta lan egiteko modua transmititu nahi dizkiet. Baliabide egokiekin, beraien maila hobetzea posible dela uste dut. Izan ere, espero baino talentu gehiago dute. Gakoa talentu hori azaleratzea da. Gaitasun fisiko handia dute eta kaleko futbola zainetan daramate. Gaur egun hori galtzen ari da, zoritxarrez. Oinarrizko teknika badute, nahiz eta baldintza txarretan jolasten duten: egoera txarrean dauden zelaiak, material gutxi… Kontzeptu taktikoak ulertzea falta zaie. Kenyan atletismoa da kirol nagusia, baina futbolak gero eta indar handiagoa duela nabaritzen da”.
Urolako kamisetak oparitu dizkie ikasleei. “Denak Urolako kamisetekin entrenatzen ikustea oso polita izan zen. Lagungarria. Horrekin ere etxean bezala sentitu nintzen. Gasteizko Kirolak dendakoek ere materiala eman zidaten: eskularruak, baloiak, Realeko kamisetak… Izan ere, badakite Real zalea naizela. Eskerrak eman nahi dizkiet Kirolak dendakoei eta Urolako arropaz arduratzen den Jon Etxeberriari. 30 kamiseta ekarri ditut. Gehiago ekarri ez baditut, toki gehiago ez nuelako da”.