Zumarragako Udalak "plastiko errauskailua egiteko plan berezia atzeko atetik onartu" nahi duela salatu du UZ Bizi plataformak
Zumarragako Udalak ez ohiko osoko bilkura egingo du bihar (osteguna). Bertan, ArcelorMittalena zen lur eremuko hiri antolamenduko plan bereziaren behin betiko onarpena bozkatuko dute. UZ Bizi plataformak Zumarragako Udalak “plastiko errauskailua egiteko plan berezia atzeko atetik onartu” nahi duela salatu du.
Horra hor UZ Bizik komunikabideei bidalitako testua.
Eragile ekologistak aste honetan jakin du Mikel Serrano buru duen udal gobernuak ez ohiko udalbatza bat deitu duela ostegun honetarako, bertan Plastic Energy multinazionalak Zumarragan egin nahi duen plastiko errauskailuaren proiektua hiri antolamenduko plan berezian txertatzeko.
UZ Bizik jakin duenez, ez ohiko udalbatza hau udalak eta multinazionalak duten presaren ondorioz deitu dute. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak errauskailua egiteko multinazionalari emandako 4 milioiko diru-laguntzaren baldintzetako bat da urriaren 31 baino lehen proiektua martxan jartzea.
Gogoratu behar da, hasiera batean aurkeztutako dirulaguntza partida 11 milioikoa zela eta Plastic Energyren neurrira eginik zegoela. Are, multinazionala izan zen proiektua aurkeztu zuen bakarra. Alabaina, aldundiak 11 milioi horietatik soilik 4 ematea erabaki zuen, bere teknikariek proiektua aztertu ostean identifikatutako, “akats teknikoen”, “zehazgabetasunen” eta bideragarritasun aldetik sortzen zuen “ziurgabetasuna” medio.
UZ Bizik dei egin die Zumarragako udalbatzako gehiengoa osatzen duten EAJ eta EH Bilduri, aurrez errauskailuari publikoki adierazitako aurkakotasuna oinarri, koherentziaz eta arduraz jokatu eta plan berezia onartzearen aurka bozkatu dezatela.
Horrelako proiektu bat korrika eta presaka onartu nahi izateak honekiko susmoak areagotzen ditu eta, herritarren osasuna arriskuan jarri aurretik, udalaren ardura da hauek informatzea eta eztabaida publiko eta ireki bat antolatzea, ezkutuan ibili beharrean.
Horregatik, UZ Bizik iragarri du abenduaren 14rako hitzaldi saio bat antolatu duela Zelai Arizti kultur etxean mota honetako proiektuen inguruko eta osasungintzako adituekin. Herritarrek eskubidea dutelako gure herrian zer egin nahi duten jakiteko eta, erantzukizuna multinazionalarena eta udalarena izan arren, beraiek egiten ez badute, guk egin beharko dugulako.