Sare plataformak jakinarazi duenez, Ainhoa Barbarin euskal preso urretxuarraren hirugarren graduaren kontra ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Sarek “atsekabea eta haserrea” adierazi ditu, eta salatu du Eusko Jaurlaritzaren eta Martuteneko espetxeko (Gipuzkoa) tratamendu batzordearen erabakiaren kontrakoa dela epaia: “Presoak garatu beharreko espetxe ibilbidea eta etxerako bidea oztopatzen ditu”.
Barbarinek 21 urte daramatza preso, eta beteak ditu zigorraren hiru laurdenak. Halere, Sarek salatu du Barbarini bigarren aldiz eten diotela “birgizarteratzeko fasean aurrera egiteko aukera”. Izan ere, ez da auzitegiak presoaren hirugarren gradua eteten duen lehen aldia. Otsailean ere gradu progresioaren aurka ebatzi zuen. Gerora, berriz onartu zioten, baina fiskalaren helegitea tarteko, behin-behinean etenda egon da abuztutik hona.
Sareren esanetan, “euskal gizartearen parte handi batek” salbuespen politikak amaitzeko eta “presoak etxeratzeko bidean” aurrera egiteko eskatzen dute, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak eta epaileek ere entzun beharko lukete aldarri hori: “Lege arruntak ez du inolaz ere esaten presoek zigorrak espetxe harresien barruan bete behar dituztenik azken egunera arte”.
Halako erabakien harira, “elkarbizitzari ateak irekitzen” jarraituko dutela azaldu du Sarek, salbuespen politikaren kontra indar egiteko: “Herritarrei dei egiten diegu, haiek ere giltzak eskuetan har ditzaten iragana betikotu nahi duten ateak itxi eta etorkizuneko ateak irekitzen jarrai dezagun”.
Testua: Iosu Alberdi/Berria