Lanbroa belardendako Aurori Zabaletak (Eitza, Zumarraga, 1955) erretiroa hartu du. Oso gustura lan egin du eta bezeroekin izan duen harremana azpimarratu du.
Non jaio zinen?
Zumarragan, Eitzan. 1970 arte elizaren parean bizi izan ginen, bota zuten etxean.
Zer ikasi zenuen?
Joxe Mari Iparragirre institutuko lehen promoziokoa naiz. Ondoren, enpresen administrazioa ikasi nuen, Maritxu Peñagarikanorekin.
Nondik nora ibili zara lanean?
Aroztegi bateko bulegoan hasi nintzen. Ondoren, denda jartzea pentsatu genuen. Hiru ahizpok ireki genuen, 1988an: Maitek, Maria Eugeniak eta nik. Beraiek estetikaz eta masajeez arduratzen ziren. Ni, berriz, dendaz. Ikastaroak egin genituen belardendan lan egiteko. Hamar urteren ondoren, Legazpiko denda ireki genuen. Bertan, gure koinata Klotildek lan egin zuen. Maite jubilatu egin zen eta orain ni jubilatu naiz. Maria Eugenia eta nire alaba Idoia geldituko dira.
Zergatik belardenda?
Maiteri belarren gaia asko gustatzen zitzaion eta berak proposatu zuen belardenda irekitzea. Nik liburudenda jarri nahi nuen, baina ez nuen lokal egokirik aurkitu. Elkar argitaletxekoek laguntza eskani zidaten, baina Soraluze eta Legazpi kaleko bi lokalengatik galdetu nuen eta biek ez zutela alokatu nahi esan zidaten. Azkenean, guk belardenda ireki genuen eta liburudenda Jesus Udabek ireki zuen.
Belardenda asko al zeuden Urretxun eta Zumarragan?
Guk belardenda ireki genuen urte berean, Mila Bosquek ere belardenda ireki zuen. Gure aurretik, Belarzaineko Maria Luisa bakarrik zegoen. Konpetentzia izan ordez, konplize izan gara lehen egunetik. Denda ireki genuenean haurrak txikiak ziren eta abuztuan denda ixtea erabaki genuen. Maria Luisari deitu nion, nire bezeroei berarengana joateko esango niela esateko. Ikastaro askotara elkarrekin joaten ginen, nik zerbait ez banuen bezeroari ekarriko nuela edo besteengana joateko esaten nion…
Gustura lan egin al duzu?
Guztiok oso gustura lan egin dugu eta asko gozatu dugu. Jendeak ‘ze ederki!’ esaten dit jubilatu naizelako. Pozik nago jubilaziora osasunez iritsi naizelako, baina ez dut lanaren inongo kexarik. Etxeko guztiok dendaren inguruan egin dugu dena.
Zergatik Bidezarren?
Eitzakoak gara, baina Bidezarren lan egin izanaz oso harro gaude. Kreditua eskatzera joan ginenean, Kutxakoak denda Elizkalen irekitzea gomendatu zigun: lokalak politagoak ziren, tokia irekiagoa… Bidezarren ere norbaitek zerbait erosiko zigula esan nion. Auzoko denda izan gara, baina herri osora iritsi gara. Jendea oso ondo portatu da gurekin.
Oso harreman ona izan duzue jendearekin.
Jendeak guk ezagutzen ez genituen belarrei buruz hitz egiten zigunean, argi eta garbi esaten genien ez genituela ezagutzen. Bezeroekin oso harreman ona egin dugu: elkarri eman diogu eta elkarrengandik hartu dugu. Hemen belarrez asko dakien jendea dago. Ukenduak nola egiten zituzten, belarrak noiz jasotzen zituzten… kontatzen ziguten eta guk dena apuntatzen genuen. Emakume helduak oso lasai etorri dira guregana. Belarra izan da gure dendako oinarria.
Zuen ofizioa asko aldatu dela uste al duzu?
Bai. Egun produktu asko daude, propaganda handia egiten da, produktu miragarriez hitz egiten da… Bezeroak ere asko aldatu dira, onerako. Umetan gurasoekin etortzen ziren bezeroak egun seme-alabekin etortzen dira. Horrek sekulako ilusioa egiten dit. Askotan amonak amari ematen ziona gogoratzen dut eta, beraz, badakit amak alabari zer emango dion. Horretaz gain, azken urteetan etorkin asko etorri dira: hegoamerikarrak, arabiarrak… Belarrak erabiltzeko ohitura handia dute eta guk ezagutzen ez ditugun belarren berri ematen digute. Hemengook produktu elaboratuak erabiltzeko ohitura dugu eta beraiek belarrak erabiltzen dituzte oraindik. Marokoarrekin eta hego eta erdialdeko amerikarrekin oso harreman polita sortu dugu. Argentinako lehen krisi handian argentinar asko etorri ziren eta guk mate paketeak jarri genituen erakusleihoan. Ze ilusio egin zien! Argentinar batek hona duela urte asko iritsi zela eta bigarren egunetik nire bezeroa dela esan zidan duela gutxi.
Erretiroa hartu duzu, baina goizero alabari eta ahizpari bisita egiten diezu.
Beti dago zer ikasi. Atzoko [igandea] egunkarian indarkeria obstetrikoari buruzko erreportajea irakurri nuen eta «dendara eramango dut eta Idoiari eta Maria Eugeniari erakutsiko diet» pentsatu nuen. Informatuta egon beharra dugu bezeroei lagundu ahal izateko. Lanean gustura nengoen eta dendara gustura etortzen naiz, baina dagoeneko ez dut hornitzaileei zer eskatu pentsatu behar.
Idoia alabak zure bidea jarraitzea poza emango zizun.
Maria Eugenia masajeez arduratzen zen eta ni dendaz. Telefonoz deitzen zutenei eta dendara etortzen zirenei erantzuteko larri genbiltzan. Norbait hartzea pentsatu genuen eta lehenengo etxean esango nuela aipatu nuen. Nire semeetako bati asko gustatzen zaio dendako kontua, baina beste bide batetik jo du. Hala, biek ezetz esan zidaten. Idoiari esan nion. Orduan Bilbon bizi zen, baina herrira itzultzea pentsatzen ari zirela esan zidan, umeak hemen haztea errazagoa iruditzen zitzaielako. Pentsatzeko denbora eskatu zidan, baina berehala baiezkoa eman zidan. Salbazioa izan da. Irakaslea da ofizioz, baina mundu hau gustukoa du eta bere burua ondo prestatu du. Bestalde, koinata hil egin zen eta Legazpiko dendan ere erreleboa behar genuen. Han beste Idoia bat dugu. Familiakoa bezalakoa da. Bi Idoiak primeran moldatzen dira.
Zuen dendek etorkizuna dute, beraz.
Denda txikiak ixtera doazela esaten dute, baina ez dakigu. Guk ditugun produktuak Internetez eskura daitezke. Horretan ez gara bereziak. Baina komunikazioa eskaintzen dugu. Internetez egun batetik bestera bidaltzen dizute, supermerkatuetan denetik dago… Baina kalera irtetea eta jendearekin hitz egitea gustatzen zaion jendea ez dela sekula faltako pentsatzen dugu. Hori aldatzen denean, akabo. Bai supermerkatuetan eta bai hemen dilistak, intxaurrak, ogia edo eztia saltzen ditugu. Baina gurean dilisten prestaketari buruz hitz egiten dugu, Aikurrekoek eztia nola egiten duten dakigu, Agerreko intxaurrak oso onak direla dakigu, Itsasoko okinek garia non erosten duten dakigu…
Goizero dendara etortzen zara, baina lehen baino denbora libre gehiago duzu. Zer egiten duzu egunean zehar?
Lehen arratsaldetan Saber y ganar ikusi, kafea hartu eta dendara etortzen nintzen. Orain, Biba zuek! ikusten dut, biloben bila joaten gara, astelehenetan zinera inongo presarik gabe joaten gara, asteburutan Ezkiora joaten gara, nahi dugunean autoa hartu eta edonora joaten gara… Joan zen astean ‘a ze aste ederra izan dudan!’ esan nion Mikel senarrari: astelehenean zinera joan nintzen Ericeren pelikula ikustera, ostegunean operara joan nintzen… inongo presarik gabe.