Udaletxean gizateriaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko erakusketa egingo dute
Datorren ostiraletik azaroaren 5era arte Mineralogia eta Paleontologia Astea ospatuko da Urretxun. Erakusketak, ibilaldi geologikoa, azoka eta haurrentzako parkea antolatu dituzte.
Urrelur museoan bisita gidatuak egingo dituzte egunero. Urriaren 30etik azaroaren 3ra arte ikastetxeentzako bisitaldi gidatuak egingo dituzte, aldez aurretik txanda hartuta. Azaroaren 4an eta 5ean hiru bisitaldi gidatu egingo dituzte: 11:30ean (hizkuntza publikoaren arabera), 17:00etan euskaraz eta 18:00etan gazteleraz. Museoko atea (kultur etxea) izango da elkargunea eta nahi duten guztiek har dezakete parte. Gainera, tailerrak izango dira.
Museoko ateak egunero irekiko dira: urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean eta 2an 17:00etatik 20:00etara eta azaroaren 3an, 4an eta 5ean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Udaletxeko portaloian, berriz, Javier Aguadoren eta Nicolas Mesasen mineralak eta fosilak ikusteko aukera egongo da. Erakusketaren izenburua Gizateriaren iragana, oraina eta etorkizuna fosilen eta mineralen bidez aztertua da. Museoaren ordutegi berean irekiko da.
Bestalde, azaroaren 4an Jose Maria Hernandezek Urretxuko herriaren historia geologikoa bere elementu arkitektonikoen bidez ibilaldi gidatua eskainiko du. 12:30ean abiatuko dira, Urrelur museotik.
Herriko eraikinetako batzuetako harrietan (San Martin de Tours elizan, udaletxean eta kultur etxean, adibidez) duela milioika urte gertatutakoaren aztarnak daude eta Hernandezek horien berri emango du. Harri horien eskutik, inguru hau nolakoa zen azalduko du.
Azaroaren 3an, 4an eta 5ean mineral, fosil eta harribitxien feria berezia egingo dute Ederrena pilotalekuan. Ederrenako ateak 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara irekiko dira. Mineralogia eta paleontologia parkea ere egun horietan izango da, ordu berean, Iparragirre plazan. Haurrek prehistoriako gizakiek bezala margotzeko aukera izango dute, putzu batean pirita bilatuko dute, meategi batean sartuko dira, dinosauro bihurtuko dira…
Bukatzeko, urretxuarrek eta bertaratzen diren guztiek argazki lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango dute.
Egitaraua atzo aurkeztu zuten, Urrelur museoan. Ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotzia eta Javier Aguado feriaren sortzaileak parte hartu zuten. Fidalgok egitarauaren berri eman zuen eta Aguadok udaletxeko erakusketaren berri eman zuen. «Orain arte egondako espezieen desagertzeen berri emango dugu eta meteorito bat erakutsiko dugu, besteak beste».