Narcisa Gonzalez de Galdeano Lopez de Audikana urretxuarrak 100 urte bete zituen atzo (igandea). Narcisa Argixao geriatrikoan bizi da eta bertan ospatu zuten urtebetetze eguna. Jon Luqui alkatearen bisita jaso zuen eta lore sorta bat oparitu zion urretxuar guztien izenean.
Narcisa Agurainen (Araba) jaio zen. Bere senarra Urretxura etorri zen bizitzera eta handik bizpahiru urtera bera etorri zen. Hiru seme izan zituzten. Narcisak hiru biloba eta birbiloba bat ditu.
Senarra ile apaintzailea zen eta ile apaindegia izan zuen Abenidan. Narcisa, berriz, etxekoandrea izan da. Bere seme Patxik oso ama ona dela dio. “Inoiz ez dio inori minik egin, hala irakatsi baitzioten. Elizara joatea, paseatzea eta kartetan jokatzea izan dira bere zaletasunak”.
Eskerrak eman nahi dizkie urtebetetze eguna beraiekin ospatu zuten guztiei. “Alkatearen bisita jaso genuen. Argixaokoak oso ondo portatu ziren. Bazkariaren ondoren, Amaia Urdangarinek abestu egin zuen, Ane Sanchezek trikitixa jo zuen eta nire seme Mikelek poema batzuk irakurri zituen. Aneren amona ere geriatrikoan dago”.