Sarralde botatzen ari dira eta lanak urte amaierarako amaitzea espero dute
Ostegunean osoko bilkura egin zuten Urretxuko udaletxean. Besteak beste, hainbat kreditu aldaketa onartu zituzten. Horietako baten eskutik, musika taldeen entsegu lokalak Sarraldetik Bengoleara eramango dituzte. Izan ere, Sprilur Sarralde botatzen ari da dagoeneko. Lanak urte amaierarako amaituko dira. Lokalak Bengoleara eramateko 25.000 euro behar dira. Itsasoko garraiorako erabiltzen diren edukiontziak entsegu lokal gisa egokitu ziren, duela ia sei urte.
Entsegu lokalak Bengoleara eramateko behar diren 25.000 euro horiek lortzeko kreditu transferentzia bat egin da. TAOren aurrekontutik 8.000 euro kendu dira, Aldiribitik 52.000 (obra ez baita aurten hasiko), tren geltokiko lur sailaren egokitzetik 17.000 (obra ez baita aurten egingo) eta egitasmo sozialen aurrekontutik 18.800.
Diru horrekin, entsegu lokalak Sarraldetik Bengoleara eramateaz gain, trafiko kamerak jarriko dira “matrikula susmagarriak” detektatzeko (18.000 euro), igerilekuko koadro elektrikoak konponduko dira (30.000 euro) eta kiroldegiko, frontoiko eta kultur etxeko suteen aurkako zentralitak berrituko dira (23.000 euro).
Soberakineko 136.500 euro gastatzea ere onartu zen. Diru horrekin Euskadi Bono Dendak kanpaina (21.500 euro) eta komunikazio plana (25.000 euro) finantzatuko dira, Iparragirreko garajeetan hezetasunarekin duten arazoa konponduko da eta Elizaldeko espaloia bukatuko da (45.000 euro), karparako oholtza bat eta zutabe luzagarriak erosiko dira (32.000 euro), Gabonetako argiak alokatu eta egokituko dira (5.000 euro) eta Lurrari folklore jaialdiko gastuei aurre egiten lagunduko zaio (8.000 euro), aldundiak ez baitu oraindik diru-laguntzen berri eman.
Bestalde, udal legearen epaiaren aurrean, EH Bilduk eta EAJk mozio bat onartu zuten. PSE-EEk aurka bozkatu zuen. Euskararen aurkako oldarraldia salatu zuten.