Reala non, Musti Taldea han. Urretxu eta Zumarragako Realaren lagun taldeak ez du inoiz kale egiten. Talde handienen aurkako partidetara joaten dira, baina baita gainontzeko guztietara ere. Gaur, 18:30ean, Realak Kopako lehen kanporaketa jokatuko du Preferente mailako Buñol taldearen aurka. Requenan jokatuko dute, Buñol taldearen zelaiak ez dituelako Federazioak eskatzen dituen baldintzak betetzen. 4.000 sarrera inguru jarri dira salgai eta ez da erraza izan bat lortzea, baina Musti Taldeko Iñaki Ruiz de Egilaz eta Antonia Mateos senar-emazteek bi sarrera lortu dituzte eta Requenan dira dagoeneko. Sarrerak Estrella del Norte Txuri-Urdin Castelloko Realaren lagun taldeko presidenteak eskuratu dizkie. Argazkietan Castelloko eta Valentziako realzaleekin eta Buñol taldeko zaleekin ageri dira.