Txapelketa sei aldiz irabazi duen Asier Oliveira urretxuarrak ez du parte hartuko, lehenengoz
Astelehenean Zumarragako esku pilota txapelketa herrikoian izena emateko epea itxi zen. 22 bikotek eman dute izena.
Iñigo Viana antolatzailea gustura ageri da. “Iaz errekorra hautsi genuen, 26 bikoterekin, baina 22 ere oso ondo dago. Urtero 20 bat bikotek ematen dute izena. Hamaika urte igaro dira jada txapelketa antolatzeari ekin genionetik. Ez genekin zenbat bikotek parte hartuko zuten eta urtero 20 bikotek parte hartzea pozgarria da”.
Aurtengo txapelketa urtarrilean hasiko da. Lehenengo partidak larunbatetan jokatuko dira. Finalerdiak eta finala, berriz, asteazkenetan jokatuko dira: Goñi txapelketako finalerdien eta finalaren aurretik.
Txapelketa abendua erdialdean aurkeztuko dute. Aurtengo argazkian Asier Oliveira urretxuarra faltako da, lehenengoz. Izan ere, Oliveirak orain arteko edizio guztietan parte hartu du. Txapelketa gehien irabazi dituen pilotaria da, gainera. Final guztiak jokatu ditu. Lehen hiruak galdu egin zituen eta azken seiak irabazi egin ditu: Ibañezekin, Tapiadorrekin eta Cruzekin.