Jose Quintas Secundino Esnaola musika eskolako irakaslea abuztuan hil zen eta haren ikasle ohiek omenaldi kontzertua antolatu dute larunbaterako
Irakasle onek ikasleen jakin-mina pizten dute eta duten onena ematen laguntzen diete. Finean, mundua hobetzen laguntzen dute. Ederki asko dakite hori Jose Quintasen ikasle izan zirenek. Quintas Urretxuko eta Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolako gitarra irakaslea izan zen eta abuztuan hil zen. Bere ikasle ohiek kontzertua eskainiko diote larunbatean.
Kontzertuak bi atal izango ditu. 17:00etan bere ikasle ohiek Zelai Arizti parkeko karpan joko dute. Gauean, berriz, Alter Ego eta Zatekeen taldeek gaztetxean joko dute. Gaztetxeko kontzertua 23:00etan hasiko da. Alter Egoren azken kontzertua izango da.
Quintasen ikasleetako bat Uxue Kerejeta zumarragarra izan zen. «Quintasek musika eskolako konboak eta talde instrumentalak sortu zituen. Abuztuan hil zen, bihotzekoak jota. Galera handia izan da. Izan ere, bere eskutik talde asko sortu ziren. Antolatu egiten gintuen eta kanpoan jotzera animatzen gintuen», gogoratu du Kerejetak.
Alter Ego taldeko Aitor Carrasco ez zen bere ikaslea izan, bateria jotzen baitu, baina taldearen sorreran lagundu ziela gogoratzen du. «Ostiral arratsaldetan elkartzen ginen berarekin. Beti laguntzeko pret zegoen. Talde asko sortu ziren bere eskutik. Horietako azkena, larunbatean gurekin joko duen erromeria taldea. Bi belaunalditako musikariok elkarrekin joko dugu eta guztiok Joseren laguntza jaso dugu. Motibatu eta lagundu egiten gintuen».
Gaztetxoak zirela bi kontzertura eraman zituela oroitzen du. «Guk oraindik ez genuen autorik eta berak eraman gintuen, bere furgonetan. Gurasoei dietu zien eta lasai egoteko esan zien, bera arduratuko zela gutaz».
Motibatzaile bikaina zela dio. «Musika eskolatik kanpo zegoen mundua erakusten zigun: jendea, musika estilo ezberdinak… Ondoren, libre uzten gintuen. Zekien guztia irakasten zigun eta ez zuen ezer eskatzen».
Miriam Inza bere taldekideak ere oroitzapen bikaina du. «Oso pertsona berezia zen. Musika pasioz bizi zuen eta ikasleekin oso harreman berezia zuen. Kontzertuari Con la musica a otra parte izena jarri diogu, berarekin egiten genuen emanaldiek izen hori zutelako. Larunbat arratsaldeko kontzertua emanaldi haiek bezalakoa izango da: kalean joko dugu eta nahi duen guztiak parte hartu ahal izango du».