Bihar inauguratuko du eta hilaren 22ra arte egongo da zabalik
Oier Fernandez Carrasco artista zumarragarrak Ni hau erakusketa inauguratuko du bihar, 18:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Margolanak hilaren 22ra arte egongo dira ikusgai: astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era.
Fernandez 2001ean jaio zen. Irakasle-ikasketak hasi zituen, baina utzi egin zuen. Ondoren, ilustrazio gradua egin zuen Gasteizen. Ekainean bukatu zuen. “Irakasle-ikasketak utzi nituenean, nire irakaslea izandako batek Maite Mutuberria ilustratzailearen liburu bat oparitu zidan. Karrera konfinatu gintuzten urtean utzi nuen. Etxean nengoela, liburua hartu nuen, oso bitxia iruditu zitzaidan eta ilustrazioa ikastea erabaki nuen. Oso gustura aritu naiz ilustrazioa ikasten. Bitxia izan da, irakasle baten erruz izan baita”.
Ikasketak bukatu aurretik hasi zen lanean: kartelak egiten, musikari ezberdinekin zuzenekoetan margotzen (Uxue Kerejetarekin, Olatz Salvadorren bira amaierako kontzertuan, Urretxuko txistu alardean…), Oihane Vicente dantzariarekin tailerrak egin ditu… Horretaz gain, Gainzuri ikastetxean sormen laborategia ematen du, eskolatik kanpoko ekintza bezala.
Erakusketan gradu amaierako lanerako egindako lanak erakutsiko ditu. “Lan bat hasi nuen eta, entregatzeko zazpi egun bakarrik falta zirenean, aldatzea erabaki nuen. Presaz bizi gara eta sorkuntza nire bizitzaren erdigune bilakatzea erabaki nuen: etxean entzerratu eta lau kolorerekin 28 lan egin nituen. Nire lanak niretzat erreferente diren sortzaileei bidali nizkien eta beraiek, nire lanaz baliatuta, sorkuntza prozesua nola ulertzen duten azaldu zuten”.
Uxue Kerejetak, Oihane Vicente, Maitane Totorika iurretarrak, Idoia Asurmendi abeslariak eta Ines Osinaga trikitilariak parte hartu zuten. “Inesek sorkuntza erdigunean jartzea hautu politikoa dela esan zuen eta hori nire terrenora ekarri nuen. Hala da. Euskaraz sortzea eta sorkuntza erdigunean jartzea hautu politikoa da. Gradu amaierako laneko memoria idazteko orduan, hortik jo nuen”.
Erakusketan, 28 lan horietaz gain, udan egin dituenak ikus daitezke. 37 lan jarriko ditu ikusgai. “Sorkuntza erdigunean jartzearen ondorioa da. Hori nola bizi izan dudan erakusten du”.
Dagoeneko artista dela esatera ausartzen da. “Gradu amaierako lana entregatu nuenean, irakasle batek dagoeneko ez nintzela ilustratzailea, baizik eta margolaria, esan zidan. Bertigoa eman zidan, baina jada artista naizela esatera ausartzen naiz. Alor asko ukitzen ditut nire lanean, teknika asko lantzen ditut marrazki berean eta musikaz lagunduta joaten da. Hortik ateratzen dena margolan moduko bat da. Ez da ilustrazioa, ilustrazioak testu bat laguntzen baitu. Eta erakusketa honetan ez dago testurik. Baina hitzak asko laguntzen dit sortzeko garaian”.
Margo akrilikoak, olioa, koloretako arkatzak, errotulagailuak… denetik erabiltzen du. Euskarriei dagokienez, euskarri ezberdinak erabiltzen ditu. “Gradu amaierako lanerako sortu nituen lanen helburuetako bat birziklapena zen. Mihise zaharrak, kartoi zatiak… erabili ditut. Edozein gauzaren gainean margotzen dut”.
Erakusketako margolanetan kolore biziak erabili ditu. “Hau guztia egiteko itxialdia egin nuenez, beltza baztertzea erabaki nuen. Horitik, arrosatik, urdinetik, berdetik eta zuritik abiatu nintzen. Ondoren, beraien arteko nahasketak sortu dira”.
Bakarkako lehen erakusketa du. “Zumarragako arte ederretako eskolan hasi nintzen margotzen eta erakusketak egiten genituen hemen bertan, baina bakarkako lehen erakusketa dut. Batzuetan urduri nago, beste batzuetan gogotsu… Denbora asko daramat lan hauei begira eta erakusteko gogoa dut. Oso lan pertsonalak dira eta lan hauen bitartez biluztu egin naiz. Erakusketa irekitzeko irrikatan naiz. Prozesu honetan asko gozatu dut eta jendeak ere gozatzea nahi dut”.
Beste lan batzuk azoketara eraman ditu eta horretarako Kaixo Oier marka sortu zuen. “Erakusketa hau nire izen-abizenekin eta Kaixo Oierrekin sinatu dut. Izan ere, oso pertsonala da, baina Kaixo Oierretik ere asko du”.
Etorkizunera begira, hainbat egitasmo ditu eskuartean. “Azaroan beste erakusketa bat dut Bilbon, Bilbao Bizkaia Design Week jaialdian. Hara lan hauek eramango ditut, baina beste formatu batean: bideo bat sortu dugu hemen dauden lanetatik abiatuta. Bestalde, duela gutxi itzuli naiz herrira eta ilusioa egiten dit herria egiten jarraitzeak”.