Carlos Mediavilla eta Aitor Agirrezabal urretxuarren argazkiak ere egutegirako aukeratu dituzte
Pablo Perez urretxuarrak irabazi du aldundiaren 2024ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa. Carlos Mediavilla eta Aitor Agirrezabal urretxuarren argazkiak ere egutegirako aukeratu dituzte. Mediavillarena uztailekoa izango da eta Agirrezabalena azarokoa. Sari banaketa atzo izan zen. Irabazleak 1.000 euro jaso ditu eta gainontzeko hamabi hautatuek 250 euro. Aldundiak egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu urte amaieran, aldundian bertan eta lurraldeko hainbat tokitan.
Aurtengo deialdian gipuzkoarren kirolzaletasuna eta kirolaren balioak islatzea izan da helburua eta 479 argazki jaso dira. Perezen argazkiko protagonistak lokaztutako errugbi talde bat eta haur bat dira. “Argazkia Hernanin atera nuen, 2018an. Lehiaketara kirola zer den azaltzen duen argazkia bidali nahi nuelako hautatu nuen argazki hori. Kirolak hainbat balio ditu eta gurasoek kirola egitea eta balio horiek praktikan jartzea oso garrantzitsua da. Argazkian Hernani taldeko jokalariak eta haur bat besarkatuta ageri dira, partida amaieran. Haurra jokalari baten semea da. Partida bukatutakoan aitarengana joan zen, besarkadan parte hartzera eta berak ere parte hartu nahi duela erakustera”.
Agirrezabalen argazkiari dagokionez, Txindoki mendiaren gailurrean atera zuen, aurtengo irailaren 16an, 11:00etan. Agirrezabalen argazkiak ere kirola eta adiskidetasuna lotzen ditu. Hiru lagun ageri dira, elkarri eskua emanda, Beasain eta Ordizia aldera begira. Mediavillaren argazkiari dagokionez, Ataungo Sarastarri koban atera zuen. Espeleologo bat ageri da.