Delfin Morenok (Zumarraga, 1951) 40 urte baino gehiago daramatza dagoeneko Urola Kirol Elkartean lanean. Duela bi aste klubean egindako lagunek omenaldia egin zioten.
Futbola beti izan al duzu gustuko?
Bai. La Salle-Legazpi ikastetxean ikasi nuen eta umetan orduak eta orduak eman genituen bertan baloiari ostikoak ematen.
Urola 1971n sortu zen eta zuk lehenengo talde hartan jokatu zenuen. Nola oroitzen duzu Urolaren sorrera?
La Sallen txapelketak antolatzen ziren eta han jokatzen genuenetako batzuk Urolan jokatzeko aukeratu gintuzten. Ni hegalekoa nintzen, ezkerrean zein eskuinean jokatzen nuen. Nire dohain nagusiak driblina eta abiadura ziren.
Ander Barrenetxearen modukoa zinen, beraz.
Kar-kar. Bere modukoa, bai. Nik ere behe-atal indartsua nuen.
Zeintzuk ziren zure taldekideak?
Ea denak gogoratzen ditudan… Atezainak Lekuona eta Andoni Ormazabal ziren. Aldea, Faustinito Orbegozo, Beldarrain tolosarra, Agirre legazpiarra, Ortiz legazpiarra, handik urte batzuetara tirokatuta hil zuten Iosu Mugika legazpiarra, Matias, Madariaga, Vicente Ram, Anton Iturbe, Jose Antonio Soria, Iñaki Murua, Luis Aranburu, Felipe Zubiate, Victor Mujika… Azken biak eibartarrak ziren eta Eibar taldeak utzita etorri ziren. Zubiatek urte asko eman zituen Urolan. Entrenatzailea Ramon Murgiondo zen. Eibar taldeko atezaina zen eta, horretaz gain, Urola entrenatzen zuen.
Argixaon jokatzen al zenuten?
Argixao Urolaren sorrerarako egin zuten. Belarra ona zen. Kanpokoek hemen jokatu nahi zuten, zelai gehienak okerragoak baitziren.
Zer moduz joan zen lehen denboraldi hura?
Lehen partida Beran jokatu genuen, Gure Txokoaren aurka. Ez genuen igotzea lortu. Urola bigarren denboraldian igo zen.
Denboraldi bakarra jokatu zenuen. Zergatik?
Ez zidaten kontratua luzatu. Urolatik Legazpira joan nintzen, Ilintxara. Ilintxa maila bat gorago zegoen. Beste denboraldi bat eman nuen bertan. Beasainen ere jokatu nuen, baina hilabete eman nuen bakarrik. Ez nuen etorkizunik ikusten. Futbol federatua utzi nuen. Ordutik, txapelketa herrikoiak bakarrik jokatu nituen.
Urolara entrenatzaile gisa itzuli zinen. Nolatan?
Entrenatzaile faltan zeuden eta entrenatzea eskaini zidaten. Baiezkoa eman nuen. Ordura arte ikusitakoa egin nuen. Beharbada gauza batzuk ez ziren oso zuzenak izango, baina tira… Pixkanaka ikasten joan nintzen. Klubean irakasle onak nituen. Nire irakasle onena Juanjo Aldama izan zen. El Profe deitzen genion. Entrenatzaile guztiok Maritxuren tabernara joaten ginen eta asko hitz egiten genuen. Maritxuren taberna gure unibertsitatea izan zen. Entrenamendua bukatu eta bertara joaten ginen. Batzuetan handik irtetea kostatzen zitzaigun… Futbolaz besterik ez genuen hitz egiten. Guztiok guztion taldeei buruz hitz egiten genuen, gauzak hobetzeko. Zer bideo, zer ordenagailu eta zer arraio! Maritxuren taberna! Atera beste erronda bat eta atera beste erronda bat.
Aldamak Urolan arrastoa utzi zuen.
Aholkuak ematen zizkidan eta nik bere aholkuak jarraitzen nituen, esaten zuena egokia zela ikusten bainuen. Ondoren, Jesus Mari Biain, Iñaki Aldalur eta Martin Agirre azaldu ziren. Batzuetan Biainen etxean bilerak egiten genituen eta Maria Luisak, bere emazteak, ez zigun afaldu gabe alde egiten uzten. Oso lan talde ona osatu genuen. Aurrerago, Ina Biain, Valentin Barrena, Fernando Madinabeitia… azaldu ziren. Aitor Alvarez de Arkaiarekin ordu asko eman ditut harrobiko futbolean lanean eta Gabi Perezekin, berriz, futbol eskolan.
Futbola pasioz bizi zenuten.
Hala da. Urolaren maila guztietako partida guztiak ikustera joaten ginen.
Nolako entrenatzailea zinen?
Nik zer esango dizut ba… Jokalariek ikastea nahi nuen. Teknikari taktikari baino garrantzi gehiago eman diot beti. Teknikarik gabe, taktikak ez du ezer balio. Mugimenduak ondo ikasi ditzaket, baina baloia kontrolatzen ez badut… Kontrola, pasea eta baloia eramaten jakitea funtsezkoak dira. Hankaren barrualdea ondo erabiltzen jakiteari garrantzi handia eman diot beti. Kontrola hankaren barrualdearekin egiten ez zutenei sekulako errietak egiten nizkien.
Entrenatzaile gogorra al zinen? Zartailua erabiltzea gustatzen al zitzaizun?
Zartailu eskasa nuen nik… Berehala heltzen nien sorbaldatik. Beti oso harreman ona izan dut jokalariekin.
Nolakoak ziren zure taldeak?
Segurola samarra nintzen. Garai hartan lehentasuna golik ez jasotzea izaten zen.
Zeintzuk dira entrenatu dituzun jokalari onenak?
Nire ustez, Urolan ezagutu dudan jokalari onena Juanjo Ruiz da. Ikusgarria zen. Aurrelaria zen, azkarra, eta gol asko sartzen zituen. Baina jokalari on asko ezagutu ditut: Jesus Clemente, Mitxel Badiola, Miguel de Luz, Aitor Esnal, Xabier Jorge, Dani Garcia, Mikel Balenziaga, Jon Manuel… Alberto Alejandro ez nuen entrenatu.
Garcia eta Balenziaga lehen mailara heltzea espero al zenuen?
Mikel taldekideak baino askoz hobea zen. Berezia zela ikusten zen, baina lehen mailara heltzea… Dani ona zen, baina garai hartan ez nuen espero lehen mailara heltzea. Ona zen, baina beste batzuk ez zebiltzan urruti.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun egunik?
Igoerak eta jaitsierak bizi izan ditut. Lehen taldea entrenatu nuen lehen urtean jaitsi egin ginen. Gogorra izan zen. Zuzendaritzak Juanjo Aldama, Jesus Mari Biain, Iñaki Aldalur eta lauokin bilera egin zuen eta gutako batek lehen taldea entrenatu behar zuela esan zigun. Aldama lehen taldeko entrenatzailea izandakoa zen, asko sufritu zuen eta utzi egin zuen. Gainontzekook ere ez genuela nahi edo ezin genuela esan genuen. Azkenean, behartuta, kargua hartu nuen. Talde ona genuen, baina jaitsi egin ginen. Zuzendaritzak botatzen ez baninduen, hurrengo denboraldian igotzen saiatuko nintzela esan nuen. Eta igo egin ginen. Hurrengo urtean maila horretarako balio nuela erakustea erabaki nuen. Erakutsi nuen eta uztea erabaki nuen. Zuzendaritzak jarraitzea nahi zuen (Agustin Quevedo zen lehendakaria), baina lehen taldeko entrenatzaileak jasan beharreko presioa handia zen. Gazte mailako taldeetan eta haurrekin gozatu dut gehien.
Duela 40 urte jende asko joaten zen Urolaren partidak ikustera eta Argixaoko giroa oso beroa zen.
Tribunak beldurra ematen zuen… Txistu egiten zuten, jokalari bat kentzeko oihukatzen zuten… Maritxuren tabernara joaten nintzenean, erretolika bera: “Kendu jokalari hori”. Hurrengo astean berriro jokatzen zuen eta Maritxurenera joaten nintzenean berriro entzun behar… “Hori kentzeko esan nizun!”. Agoantatu egin behar! Egungo giroa hotzagoa da. Senitartekoak eta lagunak joaten dira, batez ere.
Urola nola ikusten duzu?
Oso ondo ikusten dut. Asko hazi da. Talde asko ditu. Ez da erraza estruktura horri eustea, laguntzeko prest dagoen jende gutxi baitago. Nik delegatu bikainak izan nituen: Ovidio Pascual, Vicente Corredera, Jesus Calvo eta Luis de Arribas. Entrenamendu guztietara joaten ziren eta beti laguntzeko prest zeuden.
Egun zure semeak mutilen haur mailako taldea entrenatzen du eta zuk lagundu egiten diozu.
Urolan jokatu zuen eta bigarren talderaino iritsi zen. Lehen taldearekin partidaren bat ere jokatu zuen. 31 urte ditu eta hamar bat urte daramatza entrenatzaile lanean. Asko pozten nau.
Futbola asko aldatu al da?
Hasteko, garai batean atezainak ez zien atzelariei pasatzen. Zelaiak egungoak baino okerragoak ziren eta atezainak baloia beti urrutira botatzen zuen. Atezainak ezin zuen arriskatu, baloia putzu batean gelditu baitzitekeen. Goitik asko jokatzen zen. Egun behetik jokatzen da, batez ere.
Gustuko entrenatzailea?
Athletic zalea naiz, baina Reala oso futbol polita egiten ari dela onartu beharra dut. Realaren eta Athleticen arteko liskarrak ez zaizkit batere gustatzen. Realak ligak irabazi zituen garaian Realeko bazkidea nintzen.
Anekdotaren bat?
Omenaldira etorritako batek, kanpoan jokatzen genuenean itzuleran taberna batean gelditzen ginela gogoratu zidan. Beraiei irabiatuak ateratzen nizkiela eta nik gin-tonica eskatzen nuela esan zidan. Ez dut gogoratzen, baina baliteke hala izatea!
Urriaren 21ean omenaldia egin zizuten.
Oso gustura egon ginen. 60 elkartu ginen eta ez zen jende gehiago etorri jatetxean tokirik ez zegoelako. Batzuk Granadatik, Zaragozatik, Bilbotik, Donostiatik… etorri ziren. Beste askok mezuak bidali dizkidate, kalean gelditu naute… Eskertzekoa da.