24/7 plataformako kideak azoketara joango dira herritarrek osasun zerbitzuetan bizitakoen testigantzak jasotzera
Datorren astean 24/7 plataformako kideak Goierri garaiko azoketara joango dira herritarren testigantzak jasotzera: ostegunean Urretxukora, ostiralean Legazpikora eta larunbatean Zumarragakora. Nahi duten guztiek lehen mailako arretara edota larrialdietara joan direnean bizitako esperientziak azaltzeko aukera izango dute. Plataformakoek eskualdeko Osakidetzako zuzendaritzari helaraziko dizkiete testigantza horiek.
Plataformak Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzea aldarrikatzen du. «Duela hiru urte baino gehiago, Goierri garaian geneukan osasun zerbitzu publiko garrantzitsuenetako bat galdu genuen: lehen mailako arretako larrialdietako zerbitzua, eguneko 24 orduetan, asteko zazpi egunetan».
Plataformak hainbat ekimen jarri ditu martxan pandemia garaian bertan behera gelditu zen zerbitzua berreskuratzeko. 8.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte, 1.500 bandera baino gehiago banatu dituzte eta Eusko Legebiltzarrean egon dira, besteak beste. Horretaz gain, hileko lehen eta hirugarren asteazkenetan Zumarragako osasun zentroaren aurrean kontzentratzen dira. «Bertan islatzen da jendearen irmotasuna eta konstantzia kalitatezko osasun zerbitzu publikoak defendatzeko, eta EAG ezinbestekoa da horretarako».
Duela aste batzuk, 24/7 plataformako ordezkariak eskualdeko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) zuzendaritzarekin elkartu ziren. Zumarragako anbulatorioko larrialdi zerbitzua berriro irekitzea eskatu zieten, beste behin. «Gure harridurarako, Zumarragako osasun zentroan larrialdi zerbitzua 20:00ak arte bermatuta dagoela eta ez dagoela inoiz ere Beasainera joan beharrik esan ziguten. Beasainera joatea covidaren ondorioz hartutako behin-behineko neurria zela. Horretaz gain, gure eskualdeko osasun publiko zerbitzua kalitate handikoa dela eta ez dagoela EAGa berriz irekitzeko arrazoirik esan zuten», eman dute jakitera.
Plataformakoek hori ez dela egia diote. «Pertsona asko hurbiltzen dira guregana lehen mailako arretara joaten direnean gertatzen ari zaiena azaltzera: hitzorduak 3-4 egunetara ematen dituzte, beharrezko probak egiteko itxaronaldi luzeak, beste zentro mediko batzuetara joan beharra (gehienak pribatuak), Beasainera edo ospitalera joan beharra edozein larrialditarako… Badakigu ez dela erraza kexa horiek osasun zentroan edo ospitalean adieraztea. Horregatik, 24/7 plataformakook hainbat ekimen egingo ditugu horiek errazteko».
Datorren astean Goierri garaiko azoketara joango dira eta nahi duten pertsona guztiei beraien esperientziak kontatzeko aukera emango diete. «Horrela, atsekabe hori jaso eta eskualdeko Osakidetzako zuzendaritzara eraman ahal izango dugu. Jakina, erabat konfidentziala izango da, eta ez da jasoko pertsonak identifika ditzakeen datu pertsonalik. Garrantzitsuena gure osasun zerbitzu publikoak nola hondatzen ari diren jasotzea da, galga jarri ahal izateko».
Era berean, plataforma alderdi politiko guztiekin elkartuko da. EAG elkarrekin defendatzeko eskatuko diete. Horretaz gain, Datorren asteazkenean, 18:00etan, kontzentrazioa egingo dute Zumarragako anbulatorioaren aurrean. «Zuen zain gaude! Gure betebeharra da osasun zerbitzu publikoak defendatzea», amaitu dute.