Urretxun eta Zumarragan ere ospatuko dituzte San Martinak. Agiñan, asteburu osoan; Urretxun, larunbatean.
Zumarragako Aginaga auzoko patroia da San Martin. Auzoko elizak bere izena darama. Bertan hasiko dituzte festak, mezarekin, 11:00etan. Santua prozesioan ere aterako dute. Ondoren, Oleta Elkartean hamaiketako herrikoia egongo da eta jarraian, bazkaria auzoko jubilatuekin.
Arratsaldean gazteentzako jolasak egongo dira, 17:00etan hasita. Gainera, 18:30ean txokolate jana egongo da. 20:30ean Oleta Elkartean afaria izango da, eta egunaren amaieran DJ Mikelek girotuko du gaua. Lehen aldiz prestatu dute DJaren emanaldia, aurreko urteetan trikitilariak izaten baitziren gaueko musikariak.
Igandean, 11:00etan pilota partiduekin hasiko dute eguna. 12:00etan Zu Dantza taldeak ikusikuzna eskainiko du . Gerturatzen diren guztientzat hamaiketakoa izango da Oleta elkartean. Bazkaria ere egingo dute. Bukatzeko, mus txapelketa eta haurrentzako jolasak antolatu dituzte.
Garai bateko festaren oroitzapena
Iraganean Urretxuko festa nagusiak ziren sanmartinak. Egun garrantzia galdu duten arren, ospakizunik ere bada: larunbatean, gaztetxoentzako herri kirol probalekua antolatu dute udalak eta San Martin auzoko bizilagunek. Txokolate jana ere egongo da, baita odolki dastaketa ere. Gainera, zozketa bat ere antolatu dute. Txartelen salerosketarekin bildutako dirua gizarte laguntzarako izango da. Iparragirre Balerdi Musika Bandak eta Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egingo dute.