Sari banaketa ekitaldia abenduaren 19an izango da
Gaur goizean Gabonetako erakusleihoen lehiaketa aurkeztu dute Urretxuko udaletxean. Udalek sustatu dute, Bi-Tartean elkartearen lankidetzarekin. Ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak hartu dute hitza.
Epaimahaiak irudimena, originaltasuna, mezua, kalitate estetikoa eta Gabon giroarekin zerikusia baloratuko ditu lehen hiru sariak emateko. Bestetik, aipamen berezi bat emateko aukera izango du, arrazoi zehatz batengatik erakusleiho bat azpimarratu nahi badu. Gainera, herritarrek beraien gustukoenaren aldeko bozka eman ahal izango dute. Bozka ematen dutenen artean 100 euroko erosketa bale bat zozkatuko dute.
Irabazleak diploma, Bertatik Bertara produktuen saskia eta 200 euroko bonua jasoko ditu; bigarrenak diploma, saskia eta 100 euroko bonua; hirugarrenak diploma eta saskia; aipamen bereziak diploma eta herritarrek sarituak diploma eta saskia.
Epaimahaia Gipuzkoako Merkataritza Federazioko ordezkari batek, eskualdeko merkataritza teknikariak, Urretxuko Udaleko teknikari batek, Zumarragako Udaleko Ekonomia Sustatzeko teknikariak eta Arte Ederretako eskolako edo tailerreko kide batek osatuko dute.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 19an izango da, 13:30ean, Zumarragako udaletxean.