60 bizikleta inguru abiatu dira gaurkoan Areitzaga-Kalebarren plazatik Z-Z Urolako Trena Bizikletaz martxan.
Goierri kirol elkarteko zikloturismo sailak, bi udalen laguntzarekin Z-Z Urolako Trena Bizikletaz martxa antolatu du aurten ere beste behin. Ohitura da hau Zumarragan eta Urretxun, baina pandemia dela eta ohitura hau galdu egin zen. Duela gutxi berriro berreskuratzeko apustuaegin du Goierri kirol elkartekoak eta aurtengoan ere jende ugari inguratu da bertara. Hala ere, ez da beti arrakastatsua martxa hau, izan ere, aurtengo data ofiziala urriaren 12an zen, baina jende faltagatik atzeratu beharra izan zuten, gaurko datara. Gaurkoan 60 pertsona inguru bildu ditu Areitzaga-Kalebarren plazan bizikleta martxak, goizeko 9etan batzuk eta 10etan gainontzekoak.
Hiru ibilbide desberdin egin ahal izan dituzte pedalak astinduz gaurko parte-hartzaileek. Lehenengo ibilbidean parte hartu dutenak goizeko 9etan abiatu dira abiapuntu izan duten Areitzaga-Kalebarren plazatik, Iraeta helmuga zuten txirrindulariak. Beste bi taldeek, aldiz, Azkoitia eta Aizpurutxo izan dituzte helmuga. Amaieran, indarrak hartzeko mokadutxo bat egiteko aukera izan dute. 10etan abiatu diren txirrindulari asko haurrak izan dira, guraso zein anai-arrebek lagunduta irten dira hauek. Goizeko 9etan abiatutakoen artean, aldiz, helduak izan dira nagusi, ibilbidearen exijentzia maila dela eta.