Aurtengo Behobia-Donostia lasterketan Zure Irrifarra, Nire Indarra elkarteko bost haurrek parte hartu dute. Horien artean, Erin Altzelai Martinez-Campos zumarragagarra. Bost parte hartzaileak orgetan joan dira eta orgak boluntarioek bultzatu dituzte. Orgak bultzatu dituztenen artean Erinen aita dago, Endika Altzelai. Erinek asko gozatu du. “Oso pozik dago. Donostiako maratoia ere egin behar dut eta Erinek berak ere egin nahi duela esan dit. Ez dut uste posible izango denik…”, aipatu du Altzelaik.
Zure Irrifarra, Nire Indarra ekimena 2019an sortu zen, Orkli kooperatibaren laguntzarekin. Iakes Lopez Godoyk sustatu zuen, urritasun funtzionala duten pertsona guztiei kirola egiteko aukera emateko. Kasu honetan, beren ezintasun baldintzengatik modu natural eta propioan egin ezin dituzten atletismo lasterketetan parte hartzeko. Elkartea Gipuzkoa mailan dago eratua eta Gipuzkoako hainbat herritako pertsonek parte hartzen dute.