Urretxuko PSE-EEk babesleku klimatikoak sortzea eta espazio publikoak bernaturalizatzea proposatu du
Urretxuko PSE-EEk mozio bat aurkeztuko du azaroaren 29ko osoko bilkuran. Bertan, babesleku klimatikoak sortzea eta udalerriko espazio publikoak bernaturalizatzea proposatuko du. Horretarako, klima aldaketari aurre egitea helburu duten hainbat neurri planteatu dituzte sozialistek.
Udal talde sozialistak gogorarazi du klima aldaketak hainbat inpaktu eragin dituela planetan, eta bero-boladak gero eta handiagoak eta ohikoagoak direla, eta eragiten dituen ondorio kezkagarri ugarietako bat baino ez direla. Alex Gonzalez bozeramaileak gogorarazi duenez, “uda honetan gure lurraldea astindu duten bero bolada gogorren lekuko izan gara, eta ezin dugu ahaztu muturreko gertaera horiek klima aldaketarekin lotuta daudela. Izan ere zientzialariek hamarkadak daramatzate klima aldaketan fokua jartzen eta klima aldaketak gure egunerokoan eragiten dituen inpaktuen maiztasuna eta eraginean arreta jartzen”.
Hori dela eta, mozioan Urretxuko Udalari hainbat eskaera egingo dizkio: udalerriko benetako azpiegitura berdeari buruzko azterlan bat egin dezala eta udalerriko gune grisenetan bernaturalizazioa susta dezala, tenperatura egokia bermatuko duten eta bero boladen garaian aterpe klimatiko gisa erabil daitezkeen kanpoko zein barruko espazioak kokatzea (Gernikako Arbola plazan pergola finko bat eta Urretxuko eguneko zentroan txorroen iturri bat), herriaren berdetzea susta dezala eta eskoletako jolastokiak leku inklusiboagoak, jasangarriagoak eta naturalizatuagoak egin ditzala.