Mikel Arranz (Urretxu, 1960) oso ezaguna da herrian. Urretxuko Udaleko brigadan lan egin du. Uztailean hartu zuen erretiroa. Marraztea gustatzen zaio eta irakurle taldeko kidea da.
Non jaio zinen?
Goiko Kaleko 7an, etxean bertan. Garai hartan etxean jaiotzen ginen denok.
Ze ikasketa egin nituen?
10 urte bete nituen arte Iparragirre plazako eskola nazionaletara joan nintzen eta ondoren La Sallera. 14 urterekin, anai zaharrenak bezala, lanbide heziketa hasi nuen (Orduan Oficialia y Maestria). Garai hartan modernoena elektronika zen eta hori hasi nuen. Baina oso atzeratuta genbiltzan. Atzetik zetozenek, hurrengo ikasturtekoek, dagoeneko ez zuten guk ikasten genuena ikasten. 19 urterekin bukatu nuen. Ez nuen ikasten jarraitzeko gogo handirik, soldadutza egin nuen eta handik itzuli nintzenean Irizarren lan egin nuen.
Denbora asko eman al zenuen Irizarren?
Bost urte eman nituen, baina tarteka langabezian egon nintzen. Lan asko zutenean deitzen ziguten. Irizarren nengoela, aldunditik deitu ninduten Barrendiolako urtegian lan egiteko, oposizio bat egin bainuen. Ur araztegia egin gabe zegoen oraindik. Hiru langile zeuden, batek baja luze bat hartu zuen eta hori ordezkatzeko deitu ninduten. Bajan zegoena itzuli zenean, araztegiko obra hasita zegoen eta arduradun izendatu zuten. Niri beste postu bat eman zidaten.
Noiz hasi zinen Urretxuko Udalarentzat lanean?
Ur Kontsortzioa eratu behar zen, aldundiarentzat lan egiteari utziko genion eta Urretxuko kiroldegira etorri nintzen: oposizio bat egin nuen eta harreran eta garbiketan lan egiteko postua lortu nuen. 17-18 urte eman nituen bertan. Iñaki Zabala alkate zen garaian berrantolaketa egin zen eta kiroldegiko zerbitzua azpikontratatzea erabaki zen. Kiroldegian hiru lagun geunden: Miguel Cristobal, Anton Rodriguez eta ni. Cristobalek bere ardurarekin jarraitu zuen, baina kultur etxean. Rodriguez eta ni, berriz, brigadara pasa ginen. 31 urte eman ditut udaletxean. Udaletxean sartu nintzen urte berean ezkondu nintzen. Handik gutxira lehenengo alaba izan genuen. Dinamika aldatu behar izan nuen.
Udaletxean gustura aritu al zara?
Bai. Lanaldi jarraia izan dut beti, herrian bertan, jendearekin gustura egon naiz, ez dut ardura handiko lanik izan… Erosoa izan da.
Urretxuko Udala asko aldatu al da?
Baby boom belaunaldikook oso langile gutxiko udala ezagutu dugu. Garai batean Reyes Gamiz Gizarte Zerbitzuetako langile bakarra zen. Kultur etxean, brigadan, ogasunean… beste horrenbeste. Eskumenak, ahalmena, finantziazioa, beharrak… asko aldatu dira.
Lan baldintzak ere asko aldatu al dira?
Sindikalgintzan ibili naiz eta gorabeherak izan dira beti. Normala da, interes ezberdinak baitaude. Baina gure lan baldintzekin lotutako erabaki potoloenak beste maila batean negoziatu dira beti. Eudelek eta sindikatuen ordezkariek negoziatzen dituzte. Normalean, bertan onartzen dena, udal guztietan aplikatzen da. Tokiko eskariak ere egon dira. Egon diren aldaketak, gutxienez mantentzeko balio izan dute. Administrazioa lanpostu finkoekin lotzen dugu beti, baina egun interinitatea enpresa pribatuan baino altuagoa da.
Udaleko langileak baloratuak sentitzen al zarete?
Funtzionarioon inguruko klixe bat zabaldua dago: leihatilara joan eta biharamunean joateko esaten dizutela. Nik ez dut halakorik ezagutu. Gure baldintzak beste sektore batzuetakoak baino hobeak izan daitezke, baina gogor lan egiten da. Beti dago gutxiago lan egiten duen norbait, baina toki guztietan bezala. Azken urteetan kalean lan egin dut eta bizilagun askok gure lana aitortzen dutela ikusteko aukera izan dut.
Herriarentzat lan egitea esker onekoa al da? Elurra egiten duenean errepideak eta espaloiak garbitu, jaietarako agertokiak eta karpak muntatu…
Lana zure gustukoa izan edo ez, brigadako lanak berehalako eragina du. Eta hori pozgarria da. Ez zara jaikitzen muntaia kate batean lan egiteko. Kalean lan egiten duenak eguraldiaren gorabeherak pairatu behar ditu, baina lan dinamikoak izaten dira. Ez dira aspergarriak. Ez nuen uste halakorik esango nuenik, baina lan fisikoak bere alde onak ditu.
Hala ere, erretiroa gustura hartu duzu.
Bai. Lanean presio isil bat duzu: ordu jakin batean jaiki beharra, hurrengo egunean egin beharrekoa… Nire kasuan presio hori desagertzen ari da dagoeneko. Gustura nabil. Erretiroa uztailean hartu nuen eta irailean nabaritu dut erretiroa hartu dudala. Irailean emazteak eta biok Donejakue Bidea egin dugu eta hori gauza berezia izan da. Eta etxera itzuli naizenean, etxeko egunerokotasunean, hasi naiz nabaritzen jubilatuon bizitza zer den. Lau anai-arrebotan gazteena naiz. Anai batek zortzi urte daramatza erretiratuta eta sekulakoa dela esaten zidan.
Donejakue Bidea egin duzuela esan duzu.
Kuriositatea nuen eta iaz etapa batzuk egin genituen: Donibane Garazitik Iruñara joan ginen. Aurten gainontzekoa egin dugu. Oso esperientzia polita da. Sarriaraino arte, %90 atzerritarrak ziren. Gainera, gehienak Europatik kanpokoak. Baina Elizak Sarriatik Santiagorako bost etapak eginez gero Donejakue Bidea egin duzula aitortzen dizu eta Sarriatik Santiagorainoko bidea erromeria da.
Beste egitasmoren bat ba al duzue?
Ez. Bizitza lasaia, irteerak, ibili… Alaba gazteena Bartzelonan bizi da eta noizean behin hara joaten gara. Alaba nagusia ere etxetik kanpo bizi da jada. Emazteari apopilo batzuk hartu beharko ditugula esaten diot…
Ez zara aspertuko zeren beldur? Badituzu zaletasunak. Besteak beste, marraztea.
Felix Vaquerizarekin hasi nintzen, beste asko bezala. Erabat ez abandonatzeko, Josu Marotok gidatzen dituen saioetara joaten naiz. Irakurtzea ere betidanik gustatu zait. Bere garaian euskarazko irakurketa taldean parte hartzea erabaki nuen, euskaraz irakurtzeko orduan gabezia nuelako. Urte batzuk daramatzat dagoeneko. Noizean behin idazleak etortzen dira, gainera. Luxua eta plazera da. Bernardo Atxaga bitan egon da dagoeneko, Joseba Sarrionandia ere gurekin egon da… Ez dut uste aspertuko naizenik. Aste honetan bertan ezagun batek erretiroan denbora kudeatzen jakin behar dela esan dit, ez dela erraza. Kudeatzeko gai izango naizela uste dut.