Igande honetan Ostadar taldearen Mendi Astea hasiko da, Angel Etxeberriaren omenezko haur ibilaldiarekin. 08:30ean abiatuko dira Zumarragako plazatik.
Datorren astean emanaldiak egingo dituzte. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira. Astelehenean (hilak 20) Iñaki Beitiari buruzko Postontzi bat munduaren amaieran dokumentala emango dute Labeaga aretoan, gaztelaniazko azpitituluekin.
Asteartean Juan Mari Gabilondo mendizale zumarragarrak Euskal Herriko mendietako argazkiak erakutsiko ditu Urretxuko kultur etxean. Asteazkenean Joseba Iztueta gabiriarraren txanda izango da: Ladakh aztarna berrien bila ikus-entzunezkoa emango du Zelai Arizti aretoan. Joseba Iztueta eta Ekaitz Maiz gabiriarra Ladakh-era, Indiako Himalaiako haran urrun batera joan dira. 17 eskalada bide berri ireki eta Amaiur Peak-era, 5.760 metroko aurrez inork igo gabeko mendira, lehenbiziko igoera egin dute.
Azken emanaldia ostegunean izango da. Iñigo Unanue Bereziartu herritarrak eta Kattalin de Pedro Larreak Zikloalpinismoa Bolibian ikus-entzunezkoa emango dute Zelai Arizti aretoan.
Hilaren 25ean (larunbata) Ostadarrek bazkide batzarra egingo du Zumarragako kultur etxean, 19:00etan. Bertan lehendakari berria hautatuko dute. Azaroaren 24ra arte zabalik dago izen-ematea (ostadar@ostadar.org).
Hilaren 26an, igandea, mendi ibilaldia egingo dute. Arabako Toloño mendira joango dira. 07:30ean abiatuko dira Elizkaletik. Ibilaldiaren ondoren bazkaria egingo dute Briñasen. Irteeran eta bazkarian parte hartzeko, izena eman behar da (emanaldietan).